Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten erakundeei diruz laguntzeko aginduaren aurkezpena egin du

2025/9/18

Irailaren 24an informazio-jardunaldi bat egingo da deialdi honen nobedade nagusien berri emateko, eta diruz lagundu daitezkeen proiektuen prestaketan laguntzeko helburuekin.

Deialdirik gabeko urte baten ostean, datorren irailaren 23an, 2025eko irailaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten erakundeei diruz laguntzeko agindua argitaratuko da. 

Erakunde interesdunek hilabeteko epea izango dute ekintzak aurkezteko. Deialdiaren xehetasunak ezagutarazteko, berritasun nagusiak ezagutzeko eta diruz lagundu daitezkeen proiektuen prestaketa errazteko, Eusko Jaurlaritzak, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendaritzaren bitartez, informazio-jardunaldi bat antolatu du.

Jardunaldia agindua argitaratu eta hurrengo egunean egingo da, irailaren 24an, 10:00etatik 11:45era eta agindu honen bidez diruz lagundu daitezkeen jarduerak prestatzen eta izapidetzen lan egiten duten toki-erakundeetako udal-langile guztiei zuzenduta egongo da.

Ongietorria eta aurkezpena Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendariak egingo ditu. Ondoren, Mikel Zubiriak, Natura Ondare eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren aholkulari juridikoa, aginduaren nobedade eta eduki nagusiak zehaztuko ditu. Azkenik, Mari Mar Alonso Ihobe Eusko Jaurlaritzako ingurumen jarduketarako sozietate publikoko Ekintza Klimatikoko zuzendariak eskaerak egiteko eta zuzenketak prebenitzeko zenbait gako azalduko ditu. 

Jardunaldia presentziala (Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitza nagusian, Lakuan) eta online izango da. Gainera, grabatuta geratuko da, interesa duen eta joan ezin den edonork gero ikusi ahal izan dezan. Izen-emateak dagoeneko zabalik daude lotura honetan.