Proiektu pilotuak

Lurraldean hiru mailatan esku hartzen ari gara: hiriguneak/hiri-periferiak, ibai-arroak eta kostaldea. Garatzen ari garen proiektu pilotuak Euskadiko eta beste eskualde batzuetako beste area batzuetara eskalatu ahal izango dira etorkizunean.

C.4 Tokiko esku-hartzea

“Klima-aldaketaren arloko ekintzak garatzen ari gara udaletan”

Klima-aldaketaren arloan, udalek zeregin garrantzitsua dute, eta etorkizunean beren jarduketa are erabakigarriagoa izango da moldatzearen ikuspegitik.

Tokiko administrazioek, kudeaketa publikoaren arduradun direnez, klima-aldaketaren efektu kaltegarriek eragindako galerak murrizteko eta ingurumen-baliabideen efizientzia hobetzeko lan egin behar dute, eta, horrenbestez, inpaktu positiboa sortu behar dute natura-ingurunean.

Tokiko gobernuak klima-erronkaren aurrean inplikatzea sustatzeko, tokiko erakustaldi-proiektuak garatzen ari gara, klima aldaketara hobeto moldatzea lortzeko.


C.5 Ibai-arroetako esku-hartzea

“Klima-aldaketaren arloko ekintzak egiten ari gara gure ibai arroen ingurunean”

Klima-aldaketak natura-arriskuetan efektu areagotzailea izango duela aurreikusten da. Adibide bat izango litzateke uholde-arriskua handitzea; kasu horretan, klima-faktoreez gain, klimaz kanpoko beste faktore batzuek ere parte hartzen dute, hala nola topografiak, drainatze-sistemek, iragazkortasunak, eraikitako formak, eta abarrek. Faktore horiek guztiek kalte eta galeren probabilitatea areagotzen dute.

Uholdeen aurkako babes-konponbide “gogorren” aurrean –natura-ingurunea errespetatzen ez duten defentsa-obrak eraikitzea eska dezaketenak–, badira naturan oinarritutako irtenbideak eremu kalteberen uholde-arriskua murrizteko, ibilguen ahalmen naturala eta uholdeen ondorio negatiboak areagotzen dituzten higadura- eta sedimentazio-fenomenoei aurre egiteko gaitasuna sustatuz.

Naturan oinarritutako irtenbide horiek ezartzen ari gara gure ibai arroetan, horniduraren ikuspegiari ere helduz.


C.6 Kostaldeko esku-hartzea

“Klima-aldaketaren arloko ekintzak ezartzen ari gara euskal kostaldean”

Klima-aldaketak kostaldearen kudeaketan duen efekturik garrantzitsuena itsas mailaren igoera da: uholde-maila igotzea eragin dezake, eta, beraz, portuetako gainezkatze-gertakari gehiago, kostaldeko egituretako estres handiagoa eta itsas pasealekuetako uholde-gertakari gehiago sor ditzake.

Euskal biztanleriaren % 65 kostaldearen inguruan bizi denez, gure lurraldeko ingurune desberdinen moldaketa indartu nahi dugu: hirigunean, portuen eremuan eta natura-inguruneetan. Horretarako, kostaldea klima-aldaketara moldatzeko hainbat neurri jasotzen dituzten esku-hartze pilotuak garatzen ari gara.