Euskadiko Klima eta Energia Planak egiteko gida eguneratu egin da helburu eta baliabide berriak sartzeko
2026/4/8
LIFE IP Urban Klima 2050 programa barruan garatutako dokumentuak arau-esparru berria jaso du, trantsizio justua indartu du eta udalerri eta eskualdeentzako baliabideak gehitu ditu.
Ihobe sozietate publikoak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak Euskadiko Klima eta Energia Planak egiteko Gida eguneratu du. Gida hori udalentzako eta eskualdeko erakundeentzako egin da, tokiko ekintza klimatikoa bultzatzeko. Eguneratze hori LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu barne egin da, dokumentua energia trantsizioaren eta klima-aldaketaren arloko erronka berrietara egokitzeko, arauei, teknikei zein gizarteari dagokienez.
Gida Udalsarea 2030 sarean partekatzen diren baliabideetako bat da. Sare horretan udalerrientzako eta eskualdeentzako tresnak daude klima- eta energia-planak egiten, ezartzen eta horien jarraipena egiten laguntzeko.
Arau-esparru berrira egokitu
Eguneratutako dokumentuan klima eta energia arloko Europako eta Estatuko azken helburuak bildu dira, eta Euskadiren plangintzarekin bat etortzeko aldaketak egin dira. Horrela, dokumentua egokitu da Euskadiko Trantsizio Energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko 1/2024 Legean ezarritakoa betetzeko; lege horrek Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legean jasotako betebeharrak biltzen eta gehitzen ditu. Gidan udalerriek bete behar dituzten baldintzak zehazten dira, eta arau bien arteko erlazioa azaltzen da.
Gainera, dokumentua Europako ekimenekin lotu da, hala nola Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetza Itunarekin, eta udalerriak itunera atxikitzeko baldintzak jasotzen ditu.
Metodologia hobeagoa eta ikuspegi berriak
Berrikuntza nagusien artean, azpimarratu daiteke klima-aldaketara egokitzeko diagnostikorako metodologia eguneratu dela, IPCCren seigarren txostenarekin (2022) bat etortzeko. Txosten horrek ohartarazten du klima-aldaketa dagoeneko munduko eskualde guztietan ikusten dela, eta 3.300 eta 3.600 milioi pertsona artean aldaketa horren eraginak oso latzak izan daitezkeen testuinguruetan bizi direla.
Halaber, gidak trantsizio justuaren kontzeptua argitzen du, eta kontzeptu hori planetan zeharka sartzeko gomendioak jasotzen ditu, bai klima-aldaketa arintzeko bai klima-aldaketara egokitzeko ekintzetan. Genero-ikuspegia ere indartzen du eta tokiko klima-plangintzan sartzeko orientabide praktikoak ematen ditu.
Gainera, udalerrientzako baliabideak eguneratu eta gehitu ditu. Dokumentuan tresna berriak daude, hala nola Kostaegoki, eta bazeuden beste tresna batzuk egungo testuingurura egokitu dira.
Gidaren osagarri gisa, tokiko erakundeentzako dokumentu espezifiko bat garatu da, kanpoko zerbitzuak kontratatzeko orientabideekin. Bertan, klima- eta energia-planak egiteko lizitazioak prestatzeko puntu garrantzitsuak, gomendioak eta ereduak jasotzen dira. Esteka honetan irakur dezakezu: https://www.udalsarea2030.eus/argitalpenak/tokiko-klima-eta-energia-planen-prestaketa-kontratatzeko-giltzarriak

