Euskadik Europako LIFE proiektu berri batean parte hartzen du, energia- eta klima-trantsizioa toki-erakundeen bidez azkartzeko xedez
2025/01/17

OCTOPUS izenburupean, proiektuak Europako sei eskualderen arteko lankidetza bultzatuko du, toki-eragileek euren lurraldeetako energia-plangintzan eragina izatearen alde egiteko.
Toki-erakundeek, herritarrengandik eta beren ingurunetik gertuago egoteagatik, sarritan zeresan handiagoa izaten dute jasangarritasunari buruzko politika eta ekintzak diseinatzeko eta aplikatzeko moduaz.
Europako LIFE proiektu berri bat oinarri horretatik abiatzen da, energia eta klima aldaketaren alorretan, eta bere helburua da mugimendu bat sortzea oinarrietatik gobernantza-maila gorenetaraino: bere izena hauxe da: ‘OCTOPUS, nola azkartu trantsizio energetikoa eta klimatikoa udal mailako sostenguaren bitartez’.
Europako sei eskualderen arteko lankidetzak bultzatuta –Euskadi horien artean dago-, OCTOPUSek ahaleginak egingo ditu tokiko alderdi interesatuek eragina izan dezaten gobernantzan, energia jasangarriko eta klima aldaketako ekintzak sustatzeari begira. Euskadirekin batera, Extremadurak, Zipreko Errepublikak, Poloniako Mazovia Voivodatoak, Txekiar Errepublikako Usti eskualdeak eta Frantziako Auvernia-Rodano-Alpeak eta Isère eskualdeek ere parte hartzen dute.
OCTOPUS proiektuaren helburua da trantsizio energetiko eta klimatikoa azkartzea, tokiko eta eskualdeko agintaritzak eta energia eta ingurumen agentziak ahaldunduz, euren eskualdeetara egokitutako soluzioak garatu eta inplementatu ditzaten. Aste honetan, partzuergoan bazkidetutako erakundeak bildu dira; Euskadiren aldetik, Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta EEE - Energiaren Euskal Erakundeak parte hartzen dute. Bi erakunde horiek LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren bazkide dira.
Horretarako, zazpi Erakunde-sare Bideratzaile sortu edo indartuko dira (EON, ingelesezko siglengatik). Euskadik bere sarea jadanik duten eskualdeetako bat da: kasu honetan, OCTOPUS Udalsarea 2030en bitartez egituratuko da. Berau udalerri jasangarrien sare bat da, 20 urtetik gorako ibilbidea duena eta Euskadi europar mailako eskualde aurreratuenen artean kokatzen duena.
Proiektuak lankidetza bultzatuko du, eta EONek ezagutzak trukatzeko eta kapazitate eta estrategia bideragarriak gartzeko zentro gisa funtzionatuko dute, Europar Batasunaren klima- eta energia-helburuak betetzeko xedez. Hala, alderdi interesatuei tresnak, orientabideak eta jardunbide egokienak eskuratuko zaizkie barrerak gainditzeko, hala nola baliabide mugatuak, estrategia zaharkituak eta gobernantza-mailen arteko lankidetza eskasa, jarduera pilotuen eta sostengu espezifikoaren bitartez.
OCTOPUSek 36 hilabetez iraungo du, eta garai horretan EONek energia eta klimari buruzko plan eta ekintzen inplementazioa azkartzeko rola beteko dute, eskualdeei euren energia- eta klima-helburuak lortzen ahalbidetuz. Udalsarea 2030ek, jadanik esperientzia zabala duenez, ahaleginak egingo ditu, proiektuari esker, udalerriei eskaintzen dizkien sostengua, tresnak, zerbitzua eta informazioa indartzeko. Hala, soluzioak bilatuko dira, hots, berritzaileak izateaz gain eskalagarriak eta bidezkoak ere diren eta tokiko beharrei erantzuten dieten soluzio energetikoak.