Zarautz neurriak aztertzen ari da klima-aldaketara moldatzeko eta hiriguneko kostaldea babesteko
2023/12/12
Urban Klima 2050ren bideoan udalerriko eraztun berde urdina artatzeko eta lehengoratzeko egiten ari diren lanak eta kostaldean urak gainez ez egiteko egingo diren jarduketak azaltzen dira.
Zarautzen zenbait jarduketa egiten ari dira klima-aldaketara moldatzeko ikuspegi askotatik. LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak bideo bat egin du udalerriko uztai berde urdinean klima-aldaketara moldatzeko egingo diren jarduketak eta hiriguneko kostalderako aztertu diren neurriak azaltzeko. Urban Klima 2050ek proiektuari atxikitako EAEko udalerrietan abian ipini dituen proiektu pilotuetako bat da. Urban Klima 2050 proiektu horien berri ematen ari da bideo bidez 2023ko azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean Dubain egiten ari den NBEren Klima-aldaketari buruzko Konferentzian (COP 28).
Zarauzko eraztun berde urdinak udalerri osoa inguratzen du. Zenbait naturagune lotzen dituen ibilbide hau 12 km luze da gutxi gorabehera. Ibilbideak mendia eta itsasoa uztartzen ditu eta Zarautz klima-aldaketaren ondorioetatik babesten du. Eraztuneko zenbait toki artatzeko eta lehengoratzeko lanak egin dira, oso garrantzitsuak baitira klima-aldaketaren aurka egiteko. Besteak beste, Buztinzuriko haltzadia, Iritako hezegunea eta Zingirako artelatz-basoa lehengoratzeko eta suspertzeko neurriak aplikatu dira.
Beste alde batetik, hiriguneko kostaldea klima-aldaketara moldatzeko aukerak aztertu dira, bai baitakigu eragin handia edukiko duela, 2014ko ekaitzek utzi zituzten ondorioak lekuko. Itsasoak kostaldetik gainezka egiten duen gertaerak minimizatu nahian, hondartzan, malekoian eta Zarautz eta Getaria lotzen dituen errepidearen azpiko aurrealdean aplika daitezkeen neurriak aztertu dira.
Ikusi bideoa proiektuaren berri jakiteko.