Urban Klima 2050en ekintzak naturan oinarritutako klima-aldaketarako konponbideen adibide dira
2023/07/20
Mari Mar Alonso Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendariak Euskadiko kostaldean, ibai-arroetan eta hiri-inguruetan martxan jarri diren proiektu pilotuak aurkeztu ditu ‘Hiri eta industria ingurunea eraldatzen, leheneratzen eta naturalizatzen’ udako ikastaroan.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak naturan oinarritutako klima-aldaketarako konponbideak aurkeztu ditu uztailaren 20an, osteguna, Donostiako Miramar Jauregian egin den ‘Hiri eta industria ingurunea eraldatzen, leheneratzen eta naturalizatzen’ udako ikastaroaren lehen jardunaldian.
Mari Mar Alonso, Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendaria, izan da EAEko 930.000 pertsonari baino gehiagori eragiten dieten hiru mailatan —kostaldea, ibai-arroak eta hiriguneak/hiri-inguruak— martxan jarri diren ekintza eta proiektu pilotuak aurkezteaz arduratu dena.
Hiriguneetako/hiri-inguruetako ekintzen artean, Alonsok Urban Klima 2050eko C.4.1 Naturan oinarritutako irtenbideak eta halakoen elkarrekiko onurak ekintzaren barruan dauden udal mailako konponbide natural onenak (NBS) hautatzeko, diseinatzeko eta ezartzeko metodologiak eta tresnak zehaztu ditu. Ekintza Klimatikoko zuzendariak adibide hauek aipatu ditu:
- ‘Gasteizen ezarritako eta planifikatutako NBSen katalogoa’.
- ‘Donostiako NBSen metodologia orokorra eta mapa potentziala’.
- 'Gasteizko mehatxuen mapak’.
Gainera, alor horretan ere, Alonsok hiru euskal hiriburuetarako aurreikusten diren proiektu pilotuak azaldu ditu:
- Bilboko etorkizuneko hiri-garapenean NBS integratzea.
- Donostiako antolamendua hobetuko duten NBS ekintza berriak aukeratzea/lehenestea: Green Anoeta birnaturalizatze proiektua.
- Gasteizeko NBS ekintza berriak hautatzea, diseinatzea eta gauzatzea: Gasteizko Erdi Aroko Hiriguneko Harategietako Kantoia berdatzea.
Bestalde, Alonsok C.4.2. Hiri- eta landa-konexioa eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezko azpiegitura berdea ekintza barruan dauden hiru lurralde historikoetan egindako proiektu pilotuak ere aipatu ditu.
- Tonpoiko espazio naturala (Bermeo) erabilera publikorako berreskuratzea , klima-aldaketara egokitzeko irizpideen arabera.
- Aramangeluko Nekazal Parke Ekologikoaren (Gasteiz) parte den Basaldeko ingurua ekologikoki egokitzea eta hobetzea.
- Gasteizko hiri-periferiako gune degradatuak leheneratzea, zerbitzu ekosistemikoak sustatzeko.
- Gasteizko periferiako nekazal lurzati ekologikoen sailkapen agronomikoa.
- Lawson altzifrea eta haritz amerikarra dituen Oberan mendiko sailan (Donostia) bertako espezieak landatzea.
- Artikutzako presa naturalizatzea (Donostia).
- Gipuzkoako sistema naturalen erresilientzia handitzeko azpiegitura sare berdea sortzea.
Ondoren, Alonsok C.5.1 Naturan oinarritutako irtenbideak ibai-arroetan ekintza barruan dauden hiru lurraldeetako ibaietako proiektu pilotuak aipatu ditu.
- Bakioko Estepona ibaia babesteko proiektua.
- Donostiako Errekatxulo errekatxoaren birnaturalizazioa.
- Arabako Natura 2000 Sareko zenbait zatitan baso-estalkia lehengoratzea.
Azkenik, Alonsok olatuen eta mareen eragina murrizteko Zarautzen aurreikusitako proiektu pilotuaz hitz egin du. Proiektu hori C.6.1. Hiri-kostaren moldaketa ekintzaren barruan dago eta oraindik ez dago guztiz zehaztuta.