Urban Klima 2050ek zehaztu ditu klima-aldaketara Euskadin toki mailan egokitzeko ekintzak , UNEDen klima-larrialdiari buruzko ikastaroan

2022/11/09

Iragan azaroaren 8an, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak parte hartu zuen ‘Klima-larrialdia: egokitzapena klima-aldaketari aurre egiteko tresna eraginkor gisa’ ikastaroan. UNEDek antolatuta, ikastaroa irailaren 21etik apirilaren 18ra bitartean garatzen ari da. Guztira 22 ikastordurekin eta online formatuan, hitzaldien zikloak klima-aldaketari buruzko kontzeptu orokorrak eta lan-metodologiak azaltzen ditu, egokitzapen-kasu errealen bitartez.

Ikastaroaren hirugarren hitzaldian –‘Toki-ingurunea eta beraren egokitzapena’ izenekoa-, LIFE proiektu batzuetako pertsonal teknikoak lau proiektu hurbildu zizkien ikasleei: LIFE-IP NAdapta-CC, LIFE Good Local Adapt, LIFE Adaptate eta LIFE IP Urban Klima 2050.

Malake Muñoz Cachónek, Urban Klima 2050en koordinazio taldekoak eta Ihobeko Klima Ekintzako Proiektuen arduradunak, klima-aldaketarako egokitzapena Euskadiko toki-mailan aztertu zuen bere hitzaldian.  Muñozek klima-aldaketara egokitzearekin lotutako berrikuntza- eta demostrazio-proiektuez hitz egin zuen –Klimatek-; bere esanetan, ezagutza garatzearen bidez, proiektu horiek ahalbidetzen dute beharrezkoak diren tresnak sortzea erabakiak hartzen dituzten pertsonek oinarri sendoa izan dezaten euren erabakietarako. Gainera, tokiko klima-berrikuntzaren garrantzia komentatu zuen. Berau bultzatzeko bide nagusia udalerriek proiektu pilotuak sustatzeko jasotzen dituzten laguntzak dira, proiektu horiek geroago helarazten baitzaizkie gainerako udalerriei, haien eraginkortasuna frogatu eta gero.

Aurrekoaren ildotik, Muñozek Euskadin garatu diren tresna batzuen xehetasunak azaldu zituen. Horien artean, Euskadiko 251 udalerrietako kalteberatasun- eta arrisku-fitxak nabarmendu zituen, eta baita horiei lotutako bisore bat, bidea ematen duena lau inpaktu-kateri buruzko datuak kontsultatzeko: lehorteak, uholdeak, itsas mailaren igoera eta bero-boladak. Adierazi zuen, halaber, Kostaegoki proiektuaren barruan Euskadiko itsas mailari buruzko datuak ematen dituen bisore bat garatu dela, lurralde horretako biztanleriaren ehuneko handi bat kostaldean bizi baita.  Azkenik, Euskadiko klima-agertokiei buruzko tresna baten eskuragarritasuna aipatu zuen; izan ere, beraren bidez erabiltzaileek prezipitazioei eta tenperatuari buruzko datuak deskargatu ditzakete. Gainera, adierazi zuen Urban Klima 2050en baitan beste klima-aldagai batzuekin lan egiten ari dela, hala nola hezetasuna, haizea, erradiazioa eta irristaketak.

Horrez gain, Urban Klima 2050 proiektuaren baitan aurrera eramaten ari diren beste lan batzuen xehetasunak eman zituen, eta, azkenik, udalerri batzuetan gauzatutako egokitzapen-neurrien adibideak azaldu zituen: Legazpi, Oñati, Errigoiti, Errenteria, Gorliz, Bermeo edo Bakio.

Doako prestakuntza horretarako 1.100 pertsonak eman dute izena dagoeneko, eta erakunde batzuen arteko lankidetza-hitzarmen baten emaitza da: LIFE-IP NAdapta-CC, Estatuko Meteorologia Agentziaren Nafarroako Ordezkaritza (AEMET), eta Urruneko Hezkuntzaren Unibertsitate Nazionalaren (UNED) Tuterako zentro elkartua.