Urban Klima 2050ek Valentzian defendatu duenez, "berrikuntza maila lokalera jaitsi behar da, erresilientzia klimatiko handiagoa lortzeko"

2023/07/07

Mari Mar Alonso Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendariak ‘INNOT 23: erresilientzia klimatikoa hirigintzan’ jardunaldi teknikoan parte hartu du. Jardunaldi horretan, lurralde- eta hiri-antolamenduan klima-arriskua txertatzeko metodologiak landu dira.

Uztailaren 6an, osteguna, INNOT 23: erresilientzia klimatikoa hirigintzan jardunaldi teknikoa izan da Valentzian. Jardunaldia Tecnaliak eta Valentziako Lurralde Kulturaren Katedrak antolatu dute, eta bertan, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak, Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoak (OECC) eta Fundicot Lurralde Antolamenduko Espainiako Lanbidearteko Bulegoak parte hartu dute.

Saioan, klima-arriskua lurralde-antolamenduan eta hirigintzan txertatzeko metodologiak eta lurralde- eta hiri-erresilientzia klimatikoan aurrera egiteko gobernantza-egiturak aztertu dira. Klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko legea lurralde-antolamenduko eta hirigintza-plangintzako tresnetan aplikatzea izan da jardunaldiaren ardatz nagusia, eta bertan, adituek, ikertzaileek, administrazio publikoko hainbat eremutako ordezkariek eta lurralde-plangintzarekin eta klima-aldaketarekin lotutako beste eragile batzuek hartu dute parte.

Ihobe eta Urban Klima 2050 ordezkatuz, Mari Mar Alonso, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko Ekintza Klimatikoko zuzendaria, egon da, eta ‘Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko legearen eskakizunei modu eraginkorrean erantzutea lortu duten plangintza-tresnen tokiko esperientziak’ mahaian parte hartu du.

Bere hitzaldian, Alonsok nabarmendu du garrantzitsua dela “berrikuntza maila lokalera jaistea, erresilientzia klimatiko handiagoa lortzeko”. Ildo horretatik, Alonsok LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua azpimarratu du, “maila guztietan lan egiteko aukera ematen digun lankidetza-proiektua, euskal administrazioaren eta ekintza pilotuak sustatuko dituzten udalerrien arteko lankidetza indartuz, ekintza horiek beste herri batzuetan ere egin daitezkeelarik”. Adibide zehatz gisa, Alonsok Urban Klima 2050 hiri-eremuetako zazpi proiektu pilotuetako bat deskribatu du: Bakion (Bizkaia) hiri-padura bat sortzea, udalerrian uholde-arriskua saihesteko. Ekintza horri dagokionez, Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendariak “hiri-padura bat eta urez bete daitekeen baso bat sortzeko” prozesuan herritarrek izan duten parte-hartzea nabarmendu du.

Gainera, Alonsok Eusko Jaurlaritza klima-aldaketara egokitzeko Ihoberen bidez garatzen ari den hainbat tresna aurkeztu ditu. Horietako bat I+G, berrikuntza eta frogapenerako Klimatek proiektuak dira. Horiek, Euskal Autonomia Erkidegoan klima-aldaketara egokitzeko konponbideak sortzen ari dira, eta “tokiko klimaren ezagutza eta eragileen arteko laneko eta gobernantza klimatikoko kultura sortzen dituzten lankidetzarako tresnak eta proiektu berritzaileak garatu dituzte”. Proiektu horien ondorioz, adibidez, klima-egoerak eskualdeka aztertu dira eta EAEko 251 udalerrientzako kalteberatasun- eta arrisku-fitxak egin dira zenbait ingurumen-adierazle eta adierazle sozioekonomikoekin.

Alonsok nabarmendu du, halaber, Udalsarea 2030ek, Udalerri jasangarrien euskal sareak, egin duen lana: “jasangarritasunean 20 urtez lanean aritu den eta azken urteotan ekintza klimatikoaren arloan arreta jarri duen sarea”. Aipatu dituen beste neurri batzuk hauek izan dira: tokiko planak egiteko eta energiarako gida, klima-ekintzarako eta natura-ondarerako tresnak, edo erakunde lokalentzako diru-laguntzen eta tokiko ekoberrikuntza klimatikoko proiektuen bidez Euskadiko 42 udalerritan aplikatu diren konponbide naturalak.