Urban Klima 2050ek lurzoruak klima-aldaketari aurre egiteko duen garrantzia nabarmenduko du SOILUZIOAK 2023 biltzarrean

2023/10/02

Proiektuak saio paraleloetan parte hartuko du ‘Lurzorua, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko aliatua’ mahai-inguruarekin. Hainbat ingurumen-proiektutako ordezkariek lurzorua babestearen, klima-aldaketa arintzearen eta hiriak klima-erronketara egokitzearen arteko sinergiak aztertuko dituzte.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak ‘Lurzorua, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko aliatua’ mahai-ingurua antolatuko du SOILUZIOAK 2023 Euskadiko lurzorua babesteko biltzarrean. Mahai-ingurua lehen egunean, urriaren 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo diren lau erronka-mahaietako bat da. Mahai horietan lurzorua zenbait esparrutan babesteko erronkak aztertuko dira.

Aurkezpenen txanda Malake Muñozek irekiko du, Ihobeko Ekintza Klimatikoko proiektuen arduraduna eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren ordezkaria. Proiektu horren helburua euskal lurraldearen erresilientzia lortzeko trantsizio energetiko eta klimatikoa bultzatzea da. NAdapta proiektuaren ordezkari bezala, Rodrigo Antónek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko edafologia eta nekazaritza-kimikako irakasleak, Nafarroan klima-aldaketarekiko erresilientzia handitzeko LIFE-IP NAdapta proiektuak lurzoruan egiten dituen ekintzak azalduko ditu.

Bestalde, Alicia Villazan Valladolideko Udaleko Europako berrikuntza-proiektuen kudeatzaileak hiri-inguruneetan lurzorua babesteak dakartzan erronkak azalduko ditu, Smart City Valladolid proiektuaren ekintzen bidez. Ondoren, Nagore Garcíak, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Biologiako irakaslea eta SoilSkin programako ordezkaria. SoilSkin hiritar-zientzia programa da, eta lurzoruaren ekosistemak aldaketa globalaren aurrean duen kalteberatasuna balioztatzen du. Azkenik, Ion Codescu Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko unitateburuak saioa itxiko du.

SOILUZIOAK 2023ri buruz

SOILUZIOAK 2023 Euskadiko Lurzorua Babesteko Biltzarrak urriaren 10ean eta 11n arlo horretako 250 aditu inguru bilduko ditu, baliabide hori ikuspegi guztietatik babesteko beharra mahai gainean jartzeko. Hala, Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030 Estrategia eraginkortasunez ezartzen lagunduko du, inplikatutako eragile guztien arteko lankidetza eta ezagutza-trukea bultzatuz.

Biltzarra Eusko Jaurlaritzak sustatzen du Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bidez eta Sprilur, Euskadiko industria-lurzorua kudeatzeko sozietate publikoaren bidez. Bertan, lurzorua hainbat ikuspegitatik babesteko erronkei buruz gogoeta egiteko gonbita egingo da, eta lurzorua babesteko irizpideak eta jardunbide egokiak erakutsiko dira, bai eskualdekoak bai Europakoak.