Urban Klima 2050ek klimara egokitzeko lurralde eta hirigintza plangintzan egindako jarduketak nabarmendu ditu BIA Urban Regeneration Forum bileran

2024/12/13

Mari Mar Alonsok, Ihobeko Klima-ekintzako zuzendariak , EHAEOk antolatutako BIA Urban Regeneration Forum topaketetan parte hartu du. Bertan, lurralde- eta hiri-plangintzari lotutako LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuko zenbait ekintza aurkeztu du.

Mari Mar Alonsok, Ihobeko Klima-ekintzako zuzendariak, LIFE IP Urban Klima 2050proiektua aurkeztu du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) antolatutako BIA Urban Regeneration Forum topaketetan, Begiradak saioan.

Bere aurkezpenean, Alonsok funtsezko ekimenei buruz hitz egin zuen, hala nola lurralde eta hirigintza plangintzako tresnetan klima-aldaketarako egokitzapena eskala guztietan sartzeko zehaztu behar diren jarraibideei buruz. Tresna horietako bat «Klima-aldaketa eta egokitzapena lurralde-antolamenduko tresnetan hainbat eskalatara sartzeko gida metodologikoa» da. Horrek maila hauetan izango du eragina: Lurralde Plan Sektorialak (LPS), Lurralde Plan Partzialak (LPP) eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO).

Trantsizio energetikoa eta klimatikoa lurralde plangintzan integratzearen adibide zehatzak ere nabarmendu zituen, hala nola Zorrotza Lurmuturreko Plan Berezia. Gainera, lurraldearen eredua egiteko (azaleko isurketan eta erosotasun termikoan oinarrituta) tresna berritzaileetan egindako aurrerapenak azaldu zituen. Horiei esker, erresilientzia eremuak zehaztuko dira eta naturan oinarritutako konponbideen bidez (NBS, ingelesezko siglak) gune horiek egokituko dira.

Bestalde, Tokiko hirigintza-ekimenek osasunean duten eragina aztertzeko gida praktikoa eguneratzeari buruz ere hitz egin zuen. Gida horren bidez, klima-aldaketa osasunean eragina duten elementu gisa kontuan hartzea espero da, eta horrela, hainbat proiektuk osasunean duten eraginaren azterketa osatu ahal izango da.

BIA Urban Regeneration Forum bilera arkitektura eta hirigintza sektoreko profesionalentzako topagunea da, eta hirietan garapen jasangarria eta birsortzailea sustatzen duten ekimenak partekatzeko helburua du.