Urban Klima 2050ek klima-erronkak arintzeko eta haietara egokitzeko lurzorua kudeatzeko estrategiak proposatu ditu SOILUZIOAK 2023an
2023/10/11
“Lurzorua, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko aliatua” mahai-inguruan, baliabide hori kudeatzeko hainbat ingurumen-proiekturen jardunbide egokiak aztertu dira, eta baita horiek karbono-emisioak murrizteko eta hiriak klima-aldaketara egokitzeko izan duten eragina.
Lurzoruaren babesaren eta klima-aldaketaren arteko aliantzak hainbat ingurumen-proiekturen ordezkariak bildu zituen joan den urriaren 10ean LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Euskadiko Lurzorua Babesteko SOILUZIOAK 2023 Biltzarrean antolatutako mahai-inguruan.
“Lurzorua, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko aliatua” izenburua zuen saioan, esparru honetan lurzorua babesteko erronkak aztertu ziren, bai eta baliabide ez-berriztagarri horretaz baliatzeko hainbat proiektutan egiten ari diren estrategiak eta jardunbide egokiak ere, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko.
Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendariak mahaia moderatu zuen, eta Euskadiren jarduera klimatikoaren ibilbidea nabarmendu zuen, lurzoruaren babes integralean aurrera egiteko konpromisoa azpimarratuz, 2022an Euskadiko 2030 Lurzorua Babesteko Estrategia onartu baitzen. Neurri aitzindari horrek “2050ean lurzoruaren degradazio garbi neutroa lortu” nahi du.
Euskadiko helburu klimatikoen eta lurzorua babesteko helburuen arteko erabateko lotura erakusten duen beste ekimen bat Urban Klima 2050 da. Haren arduradunak, Malake Muñoz Cachónek, proiektuan egiten ari diren lurzoruarekin lotutako ekintzak aurkeztu zituen. Zehazki, Zorrotza lurmuturra (Bilbo) aipatu zuen. Bertan, klima-aldaketa eta egokitzapena Bilboko HAPOean sartu da, eta horrek ondorioak izango ditu Bilboko zati horretako lurzoruaren erabilerak arautzeko eta antolatzeko. Plan hori aitzindaria izango da, ez bakarrik Euskadin, baita Espainian eta Europan ere. Gainera, Tonpoi (Bermeo) eremuaren berreskuratzea azaldu zuen; material naturalez egindako hiri-inguruko azpiegitura berdea eta klima-aldaketaren ondorioen aurkako babesguneak ezarriko dira. Bakion ere beste ekintza bat egingo da; Estepona ibaia garbitu eta birnaturalizatuko da, hiri padura eta urak har ditzakeen ibai parkea sortzeko. Azkenik, Donostiako Errekatxulo errekastoaren leheneratzea azaldu zuen, bere potentzial ekologikoa berrezartzeko.
Ondoren, Rodrigo Antónek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko edafologia eta nekazaritza-kimikako irakasleak, Nafarroan klima-aldaketarekiko erresilientzia handitzeko LIFE-IP NAdapta-CC proiektuak lurzoruan egiten dituen ekintzak azaldu zituen. Ildo horretatik, Antónek azpimarratu zuen “lurzorua erabiltzeko estrategiak funtsezkoak direla nekazaritza-ekosistemak klima-aldaketara hobeto egokitzeko”.
Bestalde, Alicia Villazan Valladolideko Udaleko Europako berrikuntza-proiektuen kudeatzaileak hiri-inguruneetan lurzorua babesteak dakartzan erronkak azaldu zituen, Smart City Valladolid proiektuaren ekintzen bidez. Bere aurkezpenean nabarmendu zuenez, “hirietako lurzorua substratu gisa funtsezkoa da naturan oinarritutako irtenbideak ezartzeko eta hiriak klima-aldaketara egokitzeko”.
Europako ikuspegia Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko unitateburu Ion Codescuk eman zuen. Europako Itun Berdeari buruz zera adierazi zuen: “Europak klima-aldaketari eta lurzoruei buruzko gero eta esperientzia gehiago ditu: hiri-espazioak birnaturalizatzeko prozesuak eta nekazaritza klima-aldaketara egokitzeko estrategiak ezagutu ahal izan ditugu”.
Ondoren, Nagore Garcíak hitz egin zuen, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Biologiako irakaslea eta SoilSkin programako ordezkaria. Lurzoruaren ekosistemak aldaketa globalaren aurrean duen kalteberatasuna balioztatzeko SoilSkin hiritar-zientzia programak egiten dituen jarduerak azaldu zituen. Garcíak nabarmendu zuen beharrezkoa dela “herritarrak eta sektore ekonomikoak konbentzitzea klima-aldaketara egokitzeko lurzoruaren bioaniztasunak duen garrantziaz. Horretarako, living labs eta herritarren zientzia-programak bezalako bideak” aipatu zituen.
Azkenik, Núria Parpal LIFE eCOadapt50eko zuzendariak Bartzelonako Diputazioa buru duen proiektu horren helburuak zehaztu zituen. Proiektuak lurraldeak eta ekonomia lokalak klima-aldaketara egokitzeko ekintza estrategikoa sortzen du. Bere jarduera-ildoen artean, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, turismoa, arrantza eta akuikultura azpimarratu zituen.