Urban Klima 2050ek klima-aldaketaren arloan herritarrak ahalduntzeko plana azaldu du hezkuntza jasangarriko jardunaldi batean

2023/12/12

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta BBK Klimarekin lankidetzan, UN Etxeak sustatutako ‘Klima-hezkuntza: jasangarritasuna ekinean’ izeneko jardunaldian parte hartu du.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak herritarrak klima-aldaketaren arloan ahalduntzeko plana aurkeztu du hainbat eragileren aurrean, joan den abenduaren 1ean UN Etxeak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta BBK Klimarekin lankidetzan, sustatutako ‘Klima-hezkuntza: jasangarritasuna ekinean’ jardunaldian.

Saioan, Malake Muñoz Cachón Ihobeko Ekintza Klimatikoko proiektuen arduradunak herritarrak ahalduntzeko plana aurkeztu du, klima-kontzientzia sustatzeko eta ekintzara igarotzeko, prestakuntzaren eta tresna berrien diseinuaren bidez aldaketa erraztuta. Planean jasotako jarduerak kontsumo arduratsuarekin, mugikortasun jasangarriarekin edo hiri-elementu naturalekin lotuta daude, besteak beste.

Muñozek azaldu zuenez, plan hau behar bezala egiteko zein publikori zuzentzen zaion zehaztu da, “klima-aldaketak ez duelako eragin bera mundu osoan”. Azterketa horrek ezartzen du, alde batetik, “Euskadin ekintza klimatikorako ahaldundutako biztanleria dagoela, klima-aldaketa arintzeak eta horretara egokitzeak duen garrantziaz erabat jabetuta”, eta, bestetik, beharrezkoa dela “herritarrek ingurumen-jokabideetara aurrera egiten laguntzea, hala nola mugikortasun jasangarriago eta eraginkorragora edo kontsumo arduratsuagora”.

Planteatutako estrategiak 5 helburu jasotzen ditu:

  1. INFORMAZIO objektiboa eta egiazkoa ematea errealitate klimatikoari, haren kausei eta ondorioei buruz.
  2. Pertsonei modu espezifikoan eta indibidualizatuan KOMUNIKATZEA, partaide senti daitezen.
  3. Ekintzara igarotzearen garrantziaz SENTSIBILIZATZEA pertsonak.
  4. Jarrera kritikoa eta ohituren eraldaketa sustatzen duten balioetan eta ezagutzetan HEZTEA.
  5. KLIMAREN ARLOKO ERABAKIAK HARTZEAN HERRITARREN PARTE-HARTZEA SUSTATZEA.
  6. TESTUINGURUA ALDATZEA, ekintza klimatiko indibiduala edo kolektiboa errazteko.

Planean sartzen diren helburuak 29 ekintzaren bidez garatuko dira. Ekintza horiek 2023an hasi dira zabaltzen, eta datozen urteetan ere jarraituko dute