Urban Klima 2050ek hiri-espazioak naturalizatzearen onurak nabarmendu ditu, klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko
2023/02/03
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua ‘Gure hiriak birnaturalizatzen’ jardunaldian parte hartu duten erakundeetako bat izan da. Jardunaldia Bilbao Urban & Cities Design erakundeak antolatu du eta astearte honetan urtarrilaren 31n egin da UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Bilbon.
Saio honen bidez, gure hiriek eta herriek dituzten erronketara (hiriak birsortzea eta klima-aldaketa) egokitzeko gure hiriguneetan egin daitezkeen konponbide naturalak aurkeztu dira.
Iñigo Urrutikoetxea Alvarezek, Urban Klima 2050 koordinazio-taldeko kidea eta Ihobeko ekintza klimatikoko teknikaria, 'Hiria berdatzea, onura asko dakarren beharrak’ hitzaldia eman du. Bertan, hiri-espazioak naturalizatzearen garrantzia eta honek ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituen eragin positiboak nabarmendu ditu.
Urrutikoetxeak Irtenbide Naturalak (Nature Based Solutions, ingelesez, NBS) "erraz ezar daitezkeen eta hiriei eta herriei birsortzeari eta klima-aldaketari aurre egiteko aukera ematen dieten konponbide berritzaile" gisa aurkeztu ditu. Adibide gisa, hiri berdeagoa, osasungarriagoa eta klima-aldaketarekiko erresilienteagoa lortzeko mailaka aplika daitezkeen konponbideak azaldu ditu:
- Eraikinak: fatxadak eta teilatu berdeak, besteak beste.
- Akuiferoak: ibaiak eta errekak naturalizatzeko ekintzak, edo uholde kontrolatuko lautaden aldeko proiektuak.
- Drainatze-sistemak: drainatze jasangarriko hiri-sistemak (SUDS).
- Toki publikoak: bide-altzari berdeak edo ur-mikroklimak dituzten guneak.
- Garraio-azpiegiturak: adibidez, zoladura iragazkorrak eta azpiegitura lineal berdeak.
- Kostaldeak: hirien inguruneetan dunak berreskuratzeko eta padurak eta kostaldeko hezeguneak leheneratzeko proiektuak.
Adibide zehatz gisa, Urrutikoetxeak LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren barruko ekintza batzuk nabarmendu ditu, hala nola Bermeoko Tonpoiko natur gunea berreskuratzea, edo Bakion uholdeak izateko arriskua gutxitzeko Estepona ibaiaren ibilguaren ondoan eremu urpegarriak sortzea.