Urban Klima 2050ek herritarrak klima-aldaketaren inguruan ahalduntzeko ekintza-plan baten garapena jarri du abian
2022/11/11
Herritarrak klima-aldaketaren arloan prestatzeko eta erantzunkidetasuna hartzera bultzatzeko aitzakiarekin; pertsona bakoitza arazoaren eta irtenbidearen parte sentitu dadin; eta ekintzara pasatzen laguntzeko, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak parte hartu du, 15 euskal eragileren ordezkariekin batera, Euskadiko ‘Herritarrak klima-aldaketaren inguruan ahalduntzera zuzendutako 2025erako ekintza-plana’ garatzeko lehenengo lan-saioan.
Azaroaren 10ean Bilbon egindako saio horretan, bertaratutako pertsonek identifikatu dituzte euskal gizartea ohitura eta jokabide ekologikoetara eramateko bidean dauden oztopoak, beharrak, motibazioak eta jokabideak, bai aldaketa horiek balaztatzeari eta bai bultzatzeari dagokionez. Hori guztia 4 profil psikologiko tresnatzat hartuta (konpromiso handia, pasiboa/aktiboa, beste arrazoi batzuek murriztutako inpaktua, eta negazionismoa); profil horiek Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte-psikologiaren arloaren lankidetzarekin herritarrei buruz garatutako segmentazio batetik atera dira, ingurumen-psikologia ardatz egituratzaile gisa erabilita.
Saio elkarreragile baten bitartez, eta ariketa praktikoekin, parte-hartzaileek hiru profil psikologikoetan sakondu dute; oztopoak, beharrak, motibazioak eta jokabideak aztertu dituzte; eta, azkenik, ideia-jasaren dinamika baten bitartez, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko ekintzei buruzko proposamen batzuk azaldu dituzte jendaurrean.
Aurreikusita dago azaroaren amaieran bigarren saio bat egitea, planaren garapenean aurrera egiteko eta herritarrak klima-aldaketaren inguruan ahalduntzeko xedez plana osatuko duten ekintzen definizio bateratuan sakontzeko.