Urban Klima 2050ek ekintza klimatikoa bultzatzeko hainbat tresna aurkeztu ditu Udalsarea 2030en Batzorde Teknikoan

2022/06/13

Urban Klima 2050ek Udalsarea 2030eko Batzorde Teknikoan parte hartu zuen joan den ekainaren 9an. Bertan, Euskadin ekintza klimatikoa bultzatzeko lantzen ari den tresnetako batzuk aurkeztu zituen. Berrogeita hamar parte-hartzaile inguru bildu ziren saioan, udalerri jasangarrien euskal sarearen 2022ko Kudeaketa Plana eta datozen hilabeteetan bultzatu beharreko lan-ildoak ezagutzera eman ziren.

Jardunaldian, gainera, udalerrietan eta eskualdeetan ekintza klimatikoa bultzatzeko eskura dauden tresnak aurkeztu ziren. Udalerrien eta eskualdeen eskura jarritako diagnostiko-tresna nagusien ikuspegi integral bat eskaini zen, bai arintzeari dagokionez, bai egokitzeari dagokionez, ekintza klimatikoa ekintzen eta jardunbide egokien bidez bideratzeko.

Tresna horien artean, Ihobeko teknikari Malake Muñozek tresnen errepaso labur bat egin zuen, eta tresna horietako batzuen ahalmen berritzailea nabarmendu zuen, hala nola xurgapenak kalkulatzeko tresna, klima-agertokietara eta udalerri bakoitzerako kalteberatasuna eta arriskua aztertzeko fitxetara sartzeko aukera, bai eta Kostaegoki tresna ere. Azken horrek EAEko kostaldeak klima-aldaketaren aurrean duen kalteberatasuna, arriskua eta egokitzapena aztertzen ditu, eta informazio garrantzitsua eskaintzen du kostaldean dauden udalerri eta eskualde guztientzat –EAEko biztanleen % 65 biltzen dituzte–.

Era berean, EAEko udalerrietarako klima eta energiaren tokiko planak egiteko gida aurkeztu zen, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko tokiko plangintzarako tresna berria, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan garatua, tokiko administrazioentzako tresnak eta prestakuntza sortzera bideratutako ekintza-taldearen barruan. Gida honek esparru metodologiko argia eskaintzen die EAEko udalei eta eskualdeei, indarrean dagoen eta etorkizunean izango den arau-esparruaren arabera tokiko klima-ekintzari aurre egiteko eskura dauden baliabideak eta tresnak balioetsiz.

Bestalde, Ihobek beste bi tresna ere aurkeztu zituen: eskualdeetarako karbono-aztarna kalkulatzeko tresna eta eskualde-mailan berotegi-efektuko gasen emisioen inbentarioak kalkulatzeko tresna –Udalsarea 2030i eskatu behar zaizkio–.

Era berean, Ihobek eta Udalsarea 2030ek klima-aldaketara egokitzeko irtenbide naturalei eta jardunbide egokiei buruzko argitalpenak eta erakundeak klima-aldaketara egokitzeko planak egiteko gidak aurkeztu zituzten.