Urban Klima 2050ek bigarren faseko aurrerapen txostena aurkeztu du
2025/01/15

2024ko aurrerapen txostenean 2022an eta 2023an hiru eremutan egindako ekintzak azaltzen dira: hiriak/hiri inguruak, ibai arroak eta kostaldea.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak 2024ko aurrerapenen txostena argitaratu du, 2022an eta 2023an egindako ekintzak azaltzeko. Bigarren atal hori amaituta, Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handieneko 4 urte osatu dira dagoeneko. Proiektua Ihobek zuzentzen du, eta bertan beste 23 erakundek hartzen duten parte.
19,8 milioiko guztizko inbertsiotik, 2019tik 2023ko abendura arte 9,3 milioi euro baino gehiago inbertitu dira, eta aldi horretan 15 ekintza zuzenean egin dira lurraldean. Gainera, 30.300 pertsona baino gehiagok ekintza klimatikoan ahalduntzeko jardueretan parte hartu dute.
Europako Batzordeak urtebeteko luzapena eman dio proiektuari; amaitzeko epea 2025aren amaiera zen, baina orain 2026. urtearen amaierara arte luzatuko da proiektua.
Urban Klima 2050en 2. zatian lortutako mugarri nagusiak
AZTERTU blokea
Euskadiko energia eta klimaren plangintzari eta Euskadiko klima arriskuaren analisiari dagokienez, Urban Klima 2050en bigarren atalean honako hauek egin dira:
- 2021-2024 Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Plana aztertu da.
- Euskadiko klima arriskuaren analisia hedatu da, hezetasuna, haizea eta erradiazioa bezalako aldagaiak gehituz.
ZEHAZTU blokea
Berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko, xurgapenak handitzeko eta lurraldearen erresilientzia lortzeko nola, non eta noiz jardun zehazteari dagokionez, honako aurrerapenak egin dira:
- Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 2030eko Estrategia eta epe luzerako bide-orriaren eta 2030erako Estrategiaren bidez, klima-aldaketa saihesteko ekintzarik onenak definitu eta lehenetsi dira.
- Trantsizio energetikoa eta klimatikoa lurralde plangintzan eta sektore-politiketan integratu da.
JARDUN blokea
2024ra arte, Urban Klima 2050 proiektuaren barne klima-aldaketaren aurkako erresilientzia handitzeko 15 ekintza zuzen egin dira lurraldean. Hauek dira proiektuaren bigarren zatian egindako ekintza nabarmenetako batzuk:
- Hiria eta landa lotzeko eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezko azpiegitura berdea.
- Mugikortasun jasangarria eta osasungarria, Arabako hainbat udalerritan bizikletentzako aparkaleku seguruak jarriz.
- Energia berriztagarrien ezarpena, Bilbao Exhibition Centerreko (BEC) estalkian eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jarriz.
- Naturan oinarritutako konponbideak, Donostiako ibai-arroetako ibilgu naturala eta ibaiertzeko landaredia berreskuratzeko.
AHALDUNDU blokea
Ahalduntzearen arloan, herritarrak inplikatzeko ahalegina areagotu egin da, eta garatutako jardueren bidez 30.300 pertsona baino gehiagorengana iritsi da. Proiektuaren bigarren atalean, honako aurrerapen hauek egin dira:
- Autonomia eta udal mailako hainbat ahalduntze-plan egin eta zabaldu dira.
- Herritarren Urban Klima 2050 zientzia plataforma osatuko duten herritarren zientzia proiektuak garatu dira.
- Klima-aldaketari eta energia trantsizioari buruzko lehen lan esperientzien programa jarri da martxan Lanbiden.
KUDEATU blokea
Azkenik, gobernantza klimatikoa eta klima-aldaketaren behaketa eta monitorizazioa errazteko egiturak sortzeari dagokionez, Urban Klima 2050ek arlo hauetan egin du aurrera:
- Klima-aldaketaren hub-a garatu da: behatzeko eta monitorizatzeko sistema.
- Klima-aldaketaren aurkako ekintzen gobernantza eredu berriak diseinatu dira.
Konpromisoa eta etorkizuneko erronkak
Txostenak LIFE IP Urban Klima 2050 Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handiena dela azpimarratzen du; 19,8 milioi euroko inbertsioa egin da proiekturako, eta horietatik % 52 Europar Batasunaren LIFE programak finantzatzen du.
Azken zatian, proiektuak erronka garrantzitsuak ditu, hala nola:
- Lortutako emaitzak finkatzea.
- Konponbide klimatikoak lurraldean zabaltzea.
- Ekintzen jasangarritasuna 2026tik aurrera ziurtatzea.
Irakurri txosten osoa hemen: 2024ko aurrerapenen txostena