Urban Klima 2050ek bere maila anitzeko gobernantza ekintzak aurkeztuko ditu “LIFE Innovates Climate Action' konferentzian
2022/10/18
- CINEAk, NEEMOk eta LIFE Coast to Coast Climate Challenge proiektuak antolatutako konferentziak Europar Batasunak finantzatutako hainbat proiektu bilduko ditu azaroaren 8an eta 9an, udal eta eskualde mailako klima-ekintzaren jardunbide egokienak konpartitzeko helburuarekin.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak tokiko eta maila anitzeko gobernantzaren alorrean gauzatzen dituen ekintzak aurkeztuko ditu ‘LIFE Innovates Climate Action’ nazioarteko konferentzian, 2022ko azaroaren 8an eta 9an; berau formatu hibridoan egingo da (presentziala Aarhusen (Danimarka) eta online).
Europako Klima-azpiegituren eta Ingurumenaren Agentzia Exekutiboak (CINEA), LIFE proiektuen jarraipenaz arduratzen den NEEMO taldeak eta LIFE Coast to Coast Climate proiektu integratuak antolatutako konferentzia honek LIFE proiektu batzuk eta Europar Batasunak finantzatutako zenbait programa bilduko ditu, klima-ekintza berrikuntzaren bitartez nola hobetu daitekeen aztertzeko.
Iñigo Urrutikoetxea Alvarezek, Urban Klima 2050 talde koordinatzailearen kideak, azaroaren 9an –asteazkena- parte hartuko du “Tokiko eta maila anitzeko gobernantza sistemaren berrikuntzaren bidez hobetu” izeneko saioan. Bere hitzaldian, Urrutikoetxeak aurkeztuko ditu proiektuaren baitan 2019-2025 aldian gauzatuko diren tokiko gobernantzako ekintzak, helburu hau dutenak: euskal lurraldea eraldatzea klima-aldaketa arintzearen eta berari egokitzearen bidez.
Bi jardunaldietan, eta hainbat saioren bitartez, hizlariek berrikuntza sistemikoak aztertuko dituzte, bai berotegi-efektuko gasen isurketa saihestera zuzendutakoak eta bai klima-aldaketara egokitzera zuzendutakoak, eskualde eta toki mailako irtenbideetan zentratuta. Beste helburu bat da ezagutza eta jardunbide egokien trukea sustatzea, proiektu parte-hartzaileen arteko sareak eta sinergiak sortzen laguntzeaz batera.