Urban Klima 2050ek bere klima-ekintzen aurrerapenak aurkeztu ditu Europako Batzordearen laguntza teknikoaren aurrean, bere lanaren bigarren urtean

2021/12/02

Klima-ekintzaren alorrean Euskadik datozen urteetan gauzatuko duen proiektu nagusiak -LIFE IP Urban Klima 2050- NEEMOko monitoreen bisita jaso du. Monitore hauek laguntza teknikoa ematen diote Europar Batzordeari, LIFE deialdiaren jarraipenerako, bere lanaren bigarren urtean egindako aurrerapenak bertatik bertara ezagutzeko. Azaroaren 25 eta 26an, monitorizazio-taldeko arduradunak Urdaibain bildu dira Ihobe Eusko Jaurlaritzako ingurumen-jarduketarako sozietate publikoaren gidaritzapean proiektuan parte hartzen duten 20 erakundeekin. Gainera, monitoreek aukera izan dute Bermeo eta Bakion gauzatzen ari diren ekintzak ezagutzeko.

Bisita azaroaren 25ean hasi zen, osteguna, Urdaibaiko Ekoetxean egindako saio informatibo batekin. Bertan, proiektuaren bazkide diren erakundeek aurkeztu zituzten lanaren azken urtean egin dituzten aurrerapenak. Aurrerapen horietako bat ‘Trantsizio Energetikorako eta Klima-aldaketarako 2021-2024 Plana' argitaratu izana da. Plan horrek 15 ekintza enblematiko biltzen ditu berotegi-efektuko gasen isurketa % 30 murrizteko, energia berriztagarrien kuota azken energia-kontsumoaren % 20 izatea lortzeko, eta euskal lurraldearen erresilientzia klima-aldaketaren aurrean segurtatzeko.

Beste aurrerapen batzuek, berriz, KLIMA 2050 Estrategiaren jarraipen eta berrazterketarekin dute zerikusia, baita Euskal Herriko klima-arriskuaren azterketa zabaltzearen moduko ekintzekin ere, faktore berriak kontuan hartuz eta testuinguru berriari eta erronka berriei erantzunez. Alde horretatik, gauzatzen ari den beste lan bat da klima-aldaketaren aldagaia hainbat politika sektorialetan integratzea, hala nola lurralde- eta hiri-politikan, osasun-politiketan edo politika energetiko eta hidrologikoetan.

Naturan Oinarritutako Irtenbideen (NbS) aplikazioa da Donostia eta Gasteizen bultatzen ari den beste lan-ildo bat; izan ere, bertan NbS-en aukeraketa, diseinu eta burutzapena sostengatu dira tresna eta metodologia berritzaileen bitartez. Arabako hiriburuan, bere azalera berdea, biodibertsitatea eta zerbitzu ekosistemikoak areagotzeko xedez hiriak erabili dituen 79 esku-hartze biltzen dituen katalogo bat prestatu da. Donostiaren kasuan, berriz, NbS-en mapa berraztertu da, eta kontrol termikoko mapa batez eguneratu da.

Halaber, monitorizazio-taldeko arduradunek ezagutu zituzten mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren inguruan Urdaibain eta Arabako Lurralde Historikoan garatzen ari diren jarduerak, baita energia berriztagarrien ezarpen berria ere, hala nola nekazaritzako hondakinak ekoizpen termikorako aprobetxatzea, Arabar Errioxako ardandegi batean. Horrez gain, proiektuaren bazkide diren erakundeetako ordezkariek kostaldeko jardueren aurrerapenak azaldu zituzten, hala nola Zarauzko kostaldearen hiri-egokitzapena (Gipuzkoa), edo olatuen hedapenaren inguruan Ondarroako portuko saiakuntzetan sartu diren azterlanen amaiera (Bizkaia).

Tonpoi ingurunea (Bermeo) eta Bakioko uholde-lautadak ezagutzeko bisita

Arratsaldean, taldea Bermeo eta Bakio udalerrietara joan zen, bi herri horietan gauzatzen ari diren proiektu pilotuen aurrerapenak gertutik ezagutzeko. Zehazki, Tonpoi eremuan, Bermeoko kostaldearen ondoan, NEEMOko monitoreek bistatu zuten, hiriko alkate Aritz Abaroarekin batera, esparru hori lehengoratzeko zereginak hasiko diren lekua; lehengoratze hori bai ingurumenaren ikuspuntutik eta bai ikuspegi sozialetik egingo da, hiriaren inguruko azpiegitura berde bat sortzearen bidez. Beraren erabilera publikoa izango da, eta klima-aldaketara egokitutako irizpide jasangarriez egingo da. Bakion, berriz, hiriko alkate Amets Jauregizar taldearekin batera joan zen uholdeak izateko arriskua duen ingurunea zeharkatzera; bertan, aurreikusita dago erreiberako uholde-baso bat eta uholde-padura bat sortzea.

Bigarren jardunaldia azaroaren 26an izan zen, ostirala, Bilbon.  Bertan, herritarren ahalduntzerako ekintzak ezagutu zituzten, hau da, herritarrak klima-aldaketari aurre egitera bultzatzeko tresnak sortzera zuzendutako ekintzak, klima-ekintzara deitzeko xedez proiektua hedatu eta komunikatzeko lanak ezagutzeaz batera.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuari buruz

Euskadiko klima-ekintzaren alorreko proiektu nagusiak euskal lurraldea eraldatuko du, klima-aldaketa arintzera eta berari egokitzera zuzendutako 40 ekintza koordinatzearen bidez, 2019-2025 aldian. Proiektuaren liderra Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ihobe sozietate publikoa da, eta berarekin batera hogei erakunde inguru ari dira lanean, horien artean honako hauek: Eusko Jaurlaritzako beste bi arlo (Osasun Saila eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), hiru foru aldundiak, Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Donostia-San Sebastián, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarauzko udalak, Eusko Jaurlaritzako bi sozietate publiko (EEE eta URA), teknologia- eta ikerketa-zentro batzuk (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.

19,8 milioi euroko aurrekontuarekin, proiektuak KLIMA 2050 – Euskadiko Klima-aldaketaren Estrategiaren hedapena erraztuko du hiri mailan.