Urban Klima 2050ek bere ekintzen aurrerapenaren balantze positiboa egin du, pandemiaren ondorioak gorabehera
2021/06/17
- LIFE proiektu integratuaren Kudeaketa Batzordeak aztertu ditu plangintza-ekintza eta politika sektorialetan egindako aurrerapenak, eta baita hiri-eremuko, kostaldeko eta ibai-arroetako proiektu pilotuetan eta gobernantza-egituren sorreran izandako aurrerapenak ere.
- Aurreikusita dago hiru lantalde eratzea, proiektuaren bazkideen arteko sinergiak maximizatzeko xedez: Gobernantza; Ekintza Osagarriak eta Finantziazio-aukera berriak; eta Irtenbide Naturalak.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak aurrera jarraitzen du COVID-19aren pandemiak sortutako zailtasunak gorabehera. “Proiektuaren aurrerapen maila positibo izan da, bizi dugun testuingurua kontuan hartuta”, aitortu du Mª Mar Alonsok, Ihobe, Eusko Jaurlaritzako ingurumen kudeaketarako sozietate publikoaren Klima-ekintzaren arloko Zuzendariak –sozietate horrek gidatzen du proiektua-, Kudeaketa Batzordearen bileran. Bertan, proiektuaren bazkide diren 20 erakunde bildu dira, proiektuaren hirugarren seihilekoan egindako aurrerapenak aztertzeko.
Aurrerapen horiei esker, proiektuaren jarduera-eremuetan aurreikusitako helburuak bete daitezke, hala nola plangintza sektoriala eta lurralde mailakoa. Klima-aldaketa lurralde- eta hiri-plangintzan integratzeari dagokionez, klima-ekintzaren irizpideak larrialdietako udal planetan aplikatzeko lanak egin dira, eta horretarako ‘Arrisku meteorologiko eta klimatikoen indizeen tresna’ inplementatzen ari da, eguneroko azterketa meteorologikoen katalogo bat eta gertaera larrien katalogo bat eginez, haizearen inpaktuaren azterlan batekin batera.
Halaber, aurrera egin da klima-ekintzaren irizpideak osasun-politiketan aplikatzeko zereginean, eltxoak monitorizatzeko programa bat hastearen bidez, eltxoak gaixotasunen transmisio-bektoretzat hartuta; energiaren alorrean, parte hartzen duten udalerriekin lantaldeak eratuz; eta uraren arloan, emari eta prezipitazioen serieak bilduz eta balidatuz.
Beste alde batetik, irtenbide naturalen arloan ere lan egiten ari da, Gasteizen kasuan bezala, bertan irtenbide naturalen katalogazioa eta mehatxuen azterketa egin baitira. Azpiegitura berdearen eremuko jardueren artean, honako hauek dira azpimarratzekoak: ingurumena leheneratzeko proiektua Tonpoi aldean (Bermeo); nekazaritza-eraztunaren hobekuntza Aramangelu/Basaldeako parkean (Gasteiz); fitoerremediazioaren arloko esku-hartzeak, lur-mugimenduak aztertzeko eta ingurumen-zaintza egiteko, hauek ere Arabako hiriburuan; Oberan mendia basoberritzea; eta Artikutzako presaren eremuaren naturalizazioa.
Tokiko administrazioa ahalduntzea da Urban Klima 2050 LIFE proiektu integratuaren beste helburu bat. Alor horretan, azpimarratzekoa da ‘BEG isurketak kalkulatzeko tresna’ inplementatu dela eskualde mailan, Udalsarea 2030ekin batera, mankomunitate, kuadrilla eta garapen-agentzientzat; nabarmendu behar da, halaber, tokiko klima-ekoberrikuntzarako laguntzen deialdia egin dela; edo, Alkatetzen Itunaren baitan, 21 euskal udalerri aitortzeko jardunaldia, klima-aldaketarekin hartutako konpromisoagatik, eta Glasgoweko COPerako Bidearen Jardunaldi Nazionala: gobernantza klimatiko berriko ereduak bultzatuz”.
Gobernantza klimatikoaren alorrean, tailer bat egin da, online, 20 adituren parte-hartzearekin, gobernantza klimatikoko eredu bat hiri eta eskualde mailan definitzeko.
Bazkidetutako erakundeen arteko sinergiak maximizatzeko lantalde tematikoak
Beste alde batetik, hiru lantalde berri eratu dira, epigrafe hauen pean: Gobernantza; Ekintza Osagarriak eta Finantziazio-aukera Berriak; eta Irtenbide Naturalak. Helburua da bazkidetutako erakundeen arteko sinergiak maximizatzea. Lantalde horien helburuen artean honako hauek daude: gobernantza-eredu espezifiko baten kodiseinuan kolaboratzea; diseinu horretan izandako esperientzia berritzaileak aurkeztea; Administrazio Publikoaren lidergoa eta koordinazioa hobetzea; finantziazio-iturri berriak identifikatzea, proiektu berrien garapenerako; edo kasu arrakastatsuak hedatzea, haien erreplikazioari begira.
LIFE IP Urban Klima 2050ari buruz
Euskadiko klima-ekintzaren alorreko proiektu nagusiak eraldatu egingo du euskal lurraldea, klima-aldaketa arintzera eta berari egokitzera zuzendutako 40 ekintza 2019-2025 aldian koordinatzearen bidez. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Ihobe sozietate publikoak gidatzen du, hogei bat erakunderekin batera arituz, horien artean honako hauek daudela: Eusko Jaurlaritzako beste bi arlo (Osasun Saila eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), hiru foru aldundiak, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarauzko udalak, Eusko Jaurlaritzako bi sozietate publiko (EEE eta URA), teknologia- eta ikerketa-zentroak (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.
19,8 milioi euroko aurrekontuarekin, proiektuak ahalbidetuko du KLIMA 2050 – Euskadiko Klima-aldaketaren Estrategia modu eraginkorrean hedatzea.