Urban Klima 2050ek bat egin du Klima-aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunarekin, beraren ondorioez tokiko eremutik kontzientziatzeko

2021/10/22

Urriaren 24an Klima-aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, hau da, mundu osoko milioika pertsona gizateriak aurrez aurre dituen klima-aldaketaren eta berokuntza globalaren ondorioen inguruan mobilizatu eta sentsibilizatu nahi dituen egun bat. LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak, Euskadik klima-ekintzaren arloan datozen urteetan garatuko duen ekimen handiena den aldetik, bat egin du ospakizun horrekin, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko ekintza konkretuak abiatzeak duen garrantziaz tokiko eremutik kontzientziatzeko xedez.

2019ko amaieran abiatu zenez geroztik, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak aurrerapenak lortu ditu lurralde- eta hiri-plangintzaren zenbait eremutan; horien artean, aipatzekoak dira ‘Arrisku meteorologiko eta klimatikoen indizeen tresnaren’ garapena; klima-aldaketaren irizpideen aplikazioa osasun—politiketan, eltxoak gaixotasunak transmititzeko bektore gisa monitorizatzeko programaren hasierarekin; energiaren alorrean, parte hartzen duten udalerriekin lantaldeak sortuz; eta uraren alorrean, emari eta prezipitazioen serieen bilketa eta balidazioarekin.

Hirien eremuan eta hirietako ingurumarietan, naturan oinarritutako irtenbideen aplikazioan lan egiten ari da, eta horrek jadanik ahalbidetu dio Gasteizi bere azalera berde eta iragazkorra eta bere biodibertsitatea handitzea eta bere zerbitzu ekosistemikoak hobetzea

Azpiegitura berdeen berreskurapena Urban Klima 2050en beste helburu bat da; hori jadanik bideratzen ari da Tonpoi aldean (Bermeo), bertan hasi baitira kostaldeko eremu horren ingurumen-berreskurapenerako lanak; orobat, oinezko xenda baten eraikuntza ere hasi da, hiri- eta landa-guneen arteko trantsizioa sortu ahal izateko. 

Gainera, beste lan hauek ere daude abiatuta: Aramangelu/Basaldea parkeko nekazaritza-eraztunaren hobekuntza (Gasteiz); fitoerremediaziorako esku-hartzeak, lurraren mugimenduak aztertzeko eta ingurumen-zaintza egiteko, hauek ere Arabako hiriburuan; Oberan mendiko basoberritzea (Gipuzkoa); edo Artikutzako presaren eremuaren naturalizazioa (Gipuzkoa).

Beste alde batetik, klima-gobernantzaren alorrean zenbait tailer egin dira, online, 51 adituren parte-hartzearekin; bertan, hiru esku-hartze eskala dituen eredu baten definizioa landu da: hiri-eremua eta hiri-ingurunea; ibai-arroa; eta kostaldea. 

Gainera, iragan irailean izandako ASTEKLIMA 2021 – Euskadiko Klima eta Energiaren Astean, Urban Klima 2050ek jarduera nagusietako bat protagonizatu zuen, ‘Urban Klima 2050: eragile anitzeko lankidetza egokitzapena Euskadin finantzatzeko’ izeneko nazioarteko jardunaldiarekin; PreCOP26 - All4Climate Italia 2021 jardunaldiaren ekitaldi paralelo bat, proiektuaren aurrerapen nagusien berri eman ziena bertaratutako pertsonei -300 baino gehiago-.

Euskadi Glasgoweko COP26n

Euskadi klima-aldaketarekin konprometitutako eskualde bat da, eta horrela azalduko du urriaren 31tik azaroaren 12ra bitartean Glasgowen egingo den COP26n. Bertan, Eusko Jaurlaritzak berretsi egingo ditu klima-aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko konpromisoak, bere bide-orrian –Basque Green Deal- jasota dauden moduan; berau garapen ekonomiko  bidezko eta jasangarrirako eredu bat da, industria eta teknologia palanka nagusitzat hartzen dituena.

Nazioarteko konferentzia horretan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak zenbait ekitalditan parte hartuko du, eta horietan Euskadik industria deskarbonizaturantz lan egiteko konpromisoa hartuko du, World Economic Forum-aren testuinguruan. Energiaren alorrean, Euskadiren kasua azalduko da, offshore energiaren eta hidrogeno garbiaren estrategiei dagokienez, Europako Batzordeko Energiaren Zuzendaritza Nagusiak antolatutako topaketa ofizialean. Gainera, aukera paregabea izango da Euskadiren parte-hartzea duten nazioarteko sareak biltzeko, hala nola Under2 Coalition edo Regions 4 –Euskadi beraren burua baita-.

LIFE IP Urban Klima 2050i buruz

Euskadiko klima-ekintzaren arloko proiekturik handienak euskal lurraldea eraldatuko du klima-aldaketa arintzera eta berari egokitzera zuzendutako 40 ekintza 2019-2025 garaian koordinatzearen bidez. Proiektuaren liderra Ihobe sozietate publikoa da, Eusko Jaurlaritako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailekoa; honek hogei bat erakunderekin batera lan egiten du, horien artean honako hauek daudela: Eusko Jaurlaritzako beste bi sail (Osasun Saila eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), hiru foru aldundiak, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarauzko udalak, Eusko Jaurlaritzako bi sozietate publiko (EEE eta URA), teknologia- eta ikerketa-zentro batzuk (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.

19,8 milioi euroko aurrekontu batez, KLIMA 2050 – Euskadiko Klima-aldaketaren Estrategiaren hedapen eraginkorra ahalbidetuko du.