Urban Klima 2050ek 10 LIFE proiektu bildu ditu klima-gobernantzari buruzko jardunaldi batean

2021/12/17

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak ‘Klima-gobernantza’ izenez antolatutako networking jardunaldiak 10 LIFE proiektu bildu ditu abenduaren 15ean, asteazkena, online egindako saio batean. Bertan, toki eta eskualde mailako klima-gobernantzaren alorreko jardunbide egokiak, ikasitako lezioak eta tresna arrakastatsuak konpartitu dituzte. Gainera, ekitaldia baliagarria izan da neutraltasunera eta erresilientziara zuzenduta dauden eta erreplikatzeko modukoak diren sinergiak eta arrakasta-kasuak identifikatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendari Adolfo Uriarte arduratu da ongi etorria emateaz parte-hartzaileen ordezkariei eta ekitaldira bertaratutako pertsonei (100 pertsonak baino gehiagok jarraitu dute saioa). Bere hitzaldian, Uriartek gogoratu du orain dela gutxi Glasgowen egindako COP 26 - Klimaren Goi Bileraren garrantzia; bertan, bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Urban Klima 2050ek berak lan-saio batzuetan parte hartu zuten. “Euskadin COP 26 hitzarmena sinatu dugu, eta klima-aldaketa arintzearen eta berari egokitzearen alde egiten dugu”, azaldu du. Gainera, Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak Urban Klima 2050 nabarmendu du “networkingen adibide bezala, erakunde publikoekin eta inplikatutako teknologia- eta ikerketa-zentro guztiekin egindako sareko lan osoagatik”.

Jarraian, Ihobeko Klima Ekintzaren zuzendari Mari Mar Alonsok LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren jarduera-lerroak aurkeztu ditu. Bere esanetan, “proiektu eraldatzaile bat da, klima-aldaketa arintzearen alderdiari heltzen diona baina batez ere klima-aldaketarako egokitzapena lantzen duena, 2025era heltzen den horizonte batez, Euskadiko Klima Aldaketaren 2050erako Estrategia hiri-eremuan hedatzeko”. Beste alde batetik, Klima Ekintzaren zuzendari eta Urban Klima 2050en koordinatzaileak azpimarratu du proiektua “pertsonen sare oso garrantzitsu bat dela. 20 erakundek baino gehiagok parte hartzen dugu, euskal administrazioaren hiru mailok lan egiten dugu, eta baita teknologia- eta ikerketa-zentroek ere". Gainera, Alonsok gogoratu du Urban Klima 2050 “lurraldean bertan jarduten duen ekintza-proiektu bat dela”.

Estatu eta Europa mailan operatzen duten LIFE proiektuen aurkezpena

Jardunaldiak jarraitu du gonbidatutako LIFE proiektuen aurkezpenarekin:

·       LIFE-IP NAdapta-CC

·       LIFE SHARA

·       LIFE Good Local Adapt

·       LIFE URBANGREEN

·       LIFE UrbanProof

·       LIFE CLINOMICS

·       LIFE PlanUp

·       LIFE Unify

·       LIFE MICACC

Eskualde eta toki mailako klima-gobernantzari buruzko eztabaida

Jardunaldia bi mahai-ingururekin bukatu da; saio horietan, gonbidatutako LIFE proiektuen ordezkariek eztabaidagai izan dituzte klima-gobernantzari heltzeko tresnak, bai eskualdeen ikuspuntutik eta bai tokiko ikuspuntutik. Mahai-inguru horietan, gobernantzaren maila desberdinak inplikatzeko garrantzia nabarmendu da, klima-aldaketari lankidetzaz eta modu koordinatuan erantzuteko. Tokiko administrazioek rol berezia jokatzen dute, zeren haiek baitira klima-aldaketaren aurrean daudenak eta lurraldean duen eragina ondoen ezagutzen dutenak. Horregatik, haien inplikazioa errazteko, beharrezkoa da arazoen inguruko ezagutza sakona izan dezatela eta beharrezkoak diren informazioa eta tresnak eskura izan ditzatela.

Orobat, mahai-inguruetan beste eragile esanguratsu batzuk inplikatzeko garrantzia ere azpimarratu da; adibidez: herritarrak, prozesu parte-hartzaileen bidez, edo GKEak, gardentasun handiagoa eta eragileen mobilizazioa ahalbidetzen baitituzte. Azkenik, erronka gisa planteatu da sektore pribatua inplikatzea, eta horretarako kanpo-pizgarri ekonomikoak behar dira, hala nola europar funtsak.

Jardunalditik harago

Hizlariek Urban Klima 2050en taldearekin konpartitu dute ekitaldi honen inguruko interesa, zeren ahalbidetzen baitie ulertzea nola heltzen ari zaion klima-aldaketarako egokitzapenari antzeko proiektuetan, oztopoak zein esperientzietatik ateratako lezioak ezagutzeaz batera. Pertsona guztiak bat datoz honelako jardunaldien antolaketatik harago kolaboratzen jarraitzeko garrantzia nabarmentzean, esperientziak erreplikatu eta proiektu bateratu berriak garatu ahal izateko, klima-egokitzapenaren alorrean