Urban Klima 2050ean integratutako LIFE proiektuan kolaboratzen duten 20 erakundeek proiektua abiatzeko bilera egin dute

2020/02/07

Otsailaren 6an, proiektuaren bazkide diren erakundeek bilera bat egin zuten, Bilbon, eta bertan aurkeztu zituzten Urban Kliman integratutako LIFE proiektuaren baitan gauzatuko diren 40 ekintzak. Lan-topaketa horretan, bazkidetutako erakundeek zehaztu zuten noraino garatu diren euren parte-hartzea duten proiektuak, eta baita horien etorkizunerako planak ere. Bilera baliagarria izan zen erakundeek xehetasunez ezagutu zezaten proiektu bakoitza, eta baita horien kudeaketa eta jarraipenaren alderdi praktikoagoak ere.

Urban Klima 2050ean integratutako LIFEk bere lehenengo urratsak egin ditu, 20 erakunde desberdinen parte-hartzeak eskatzen duen gobernantza-ahaleginarekin. Euskal gizartearen aurreko aurkezpen publikoa 2019ko abenduaren 4an egin zen, Bilboko Euskalduna Batzar Jauregian (Bizkaia).

LIFE proiektu hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen saileko Ihobe – ingurumen jarduketarako sozietate publikoak gidatzen du. Ihoberekin batera, proiektuan beste 19 erakunde eta entitate arituko dira lanean, hala nola, Osasun Saila, Uraren Euskal Agentzia-URA, Energiaren Euskal Erakundea-EEE, hiru foru aldundiak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), zazpi udal (Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Donostia, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarautz), bost teknologia- eta ikerketa-zentro (Azti, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.

Ekintzak hiru eremutara zuzentzen dira: kostaldea, ibaietako arroak eta hiri-eremuak. Esperientzia pilotuekin lan egingo da Urban Klima 2050ean parte hartzen duten zazpi udalerritan eta Urdaibai, Debaberreneko kostalde eta Arabar Errioxako hiri-inguruko eremuetan. Gainera, Butroe, Oka, Ibaizabal, Deba, Urumea, Zadorra, Baia eta Ebro ibaietan proiektuak gauzatuko dira, haien arroetan edo haien bokaletan.