Urban Klima 2050ak Naturan Oinarritutako Konponbideen hiru proiektu biltzen ditu Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako 20 kasu arrakastatsuen artean
2024/10/01

Ihobek krisi klimatikoari eta biodibertsitatearen galeraren krisiari erantzuna emateko Naturan Oinarritutako Konponbideak (NBS, ingelesezko siglak) erabiltzen dituzten beste 20 kasu arrakastatsu argitaratu ditu.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan, jarduerak egin dira Jundizko parkean (Gasteiz) korridore berde bat sortuz; Oberan mendian (Donostia), bertako espezieekin basoberritzearekin; eta Tonpoin (Bermeo), kostaldeko eremu naturala berreskuratzearekin.
Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak “Naturan Oinarritutako Konponbideak Euskadin: klima-aldaketara egokitzeko 20 kasu arrakastatsu” aurkeztu du Bilbon egindako jardunaldi batean. Bertan, Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura ondarearen eta Klima-aldaketaren zuzendariak gogorarazi du "duela 15 urtetik apustua egin dela irtenbide horien alde, ekosistemak modu jasangarrian kudeatzen eta lehengoratzen laguntzen dutelako", aldi berean giza ongizaterako eta biodibertsitaterako onurak eskainiz. Deskribatutako 20 kasu horietan, 54.000 zuhaitz, zuhaixka eta landare usaintsu inguru landatu dira, eta 490.000 m2 baino gehiago birnaturalizatu dira; eskolako patioak, plazak, aparkalekuak, industrialdeak, zubibideak edo errepideak. Era berean, 35 hektarea baso, uholde-lautada eta itsasertz birnaturalizatu dira.
Eusko Jaurlaritzak abian jarritako ekintzen artean, Uriartek LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua nabarmendu du, “euskal lurraldearen erresilientziarako trantsizio energetiko-klimatikoa bultzatu nahi duen elkarlaneko proiektu eraldatzaile gisa, batez ere”.
Pasa den ostegunean aurkeztutako argitalpenak Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan garatutako hiru ekimen biltzen ditu, hiru lurralde historikoei dagozkienak. Araban, Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (CEA) korridore berde bat sortu du Jundizko industrialdearen inguruko lurzorua eta paisaia leheneratzeko. Juan Vilela CEAko teknikariak saioan parte hartu du kasu arrakastatsu hau aurkezteko. Bere hitzaldian, Vilelak bost fasetan egindako lanak azaldu ditu. Horiei esker, “industria-hazkunde azkarra eta inguruko bide-azpiegiturek eragindako presioak dituen, eta airearen eta lurzoruaren kutsadura-maila handia duen eremu bat berreskuratu ahal izan da”. Azaldu duenez, ezarritako Naturan Oinarritutako Konponbideek, hala nola "medeapen organikoak, nekazaritza eta basogintzako sistemak, edo euri-ura aldi baterako biltzeko putzuak eta iragazki berdeak instalatzea", "zarata murriztea, degradatutako lurzoruak berreskuratzea edo biodibertsitatea handitzea" bezalako onurak sortu dituzte.
Argitalpenak Donostiako Udalaren eskutik Oberan mendiko – Aiako Harria Parke Naturaleko enklabe batean dago – espezie autoktonoekin egindako basoberritze lanak ere biltzen ditu. Eta, hirugarrenik, Bermeoko Tonpoiko itsaslabarretan kostaldeko naturgunea berreskuratzea, irizpide klimatikoei jarraiki.
Beste esperientzia praktiko
Bartzelonan, Milanen eta Glasgown garatutako proiektuetako irtenbideez gain, jardunaldian zehar Euskadiko sei kasu praktiko erakutsi dira; lurralde historikoetako hiru hiriburuetan, eta Oñati, Sestao eta Ea udalerrietan.
Garraio-azpiegiturek birnaturalizazio-ahalmen handia dute, eta hirien bizigarritasunari laguntzen diote. Hala, nabarmentzekoa da Bilboko Maria Diaz de Haro kalean ibilgailuentzako 6.000 m2 bide korridore berde bihurtu izana.
Bestalde, Oñatiko eskolaren birnaturalizazioa eraikin baten birgaitze osoa egiteko NBSak erabiltzearen adibide bat da; estalki berdea, barruko bainu lehorrak eta zurezko fatxada. Proiektuak beste NBS batzuk ditu kanpoko aldean, hala nola ur grisen fitoarazketa sistema eta eskolako patioko zoladura iragazkorra. Bizkaiko hiriburuan ere, Urban Klima 2050aren barne, Zorrotza puntaren hirigintza-garapena aurrera doa, klima-aldaketaren ikuspegia txertatuz. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala lantzen ari da hiriaren eremu honetarako, klima-aldaketara egokitzeko irizpideek eta Naturan Oinarritutako Konponbideen inplementazioak funtsezko zeregina izan dezaten.
Eari dagokionez, 5.000 m2 baino gehiagoko aparkaleku itzulgarria sortu da Urtubiaga fabrika zaharra zegoen lursailean. Aparkalekua egiteko, zoladura iragazkorrak, zanga drainatzaileak eta fitoarazketa-sistema bat erabili dira, azaleko ura araztu ondoren lurrera errazago itzultzeko.
Gidan, landa-eremuetan etxeko hondakin-urak arazteko egin diren fitoarazketa-sistemak ere agertzen dira. Sistema horiek, saneamendua heltzen ez den herrigune sakabanatuetarako irtenbide egingarri, eraginkor eta merkeak dira. Hiru udalerrik erabili dute horrelako irtenbidea: Oñatik, Ibarrangeluk eta Etxebarrik. Instalazio osoaren azalera 159 m2-koa da, eta 78 biztanle hornitzen du.
Gidak, gainera, Bakion, Orendainen eta Donostian 30,4 hektarea bertako espezieekin basoberritzeko hiru proiektu erakusten ditu. Azkenik, kostaldean, Tonpoiko itsaslabarretan (Bermeo) kostako 1,4 hektarea eremu natural nola berreskuratu den azaltzen da.
NBSak Euskadin nola hedatu diren eta emaitzak
Eusko Jaurlaritzak Naturan Oinarritutako Konponbideak hedatzeko egiten duen politika publikoa plangintzatik ekintzara doa. Hogei kasu berri horiekin, NBSek erabili dituzten 90 proiektu finantzatu dira guztira, Euskadiko 54 udalerritan: % 39 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri txikietan, % 33 5.000 eta 50.000 arteko biztanleria duten tamaina ertaineko udalerrietan, eta % 28 50.000 biztanletik gorako udalerrietan, EAEko 3 hiriburuak barne. NBSak hiru lurralde historikoetako kostaldeko eta barnealdeko udalerrietan, hiriburuetan eta herri txikietan ezarri dira.
Pasa den ostegunean argitalpenak Ihobek aurrez argitaratutako hainbat lanei jarraitzen die, eta guztiek Euskadi “Europako erreferentziazko eskualde” bihurtzen dute. Hala nabarmendu du bere hitzaldian Paola Leporik, Naturan Oinarritutako Konponbide Politiken Europako Batzordeko arduradunak, eta «Euskadik naturan oinarritutako egokitzapena bultzatzeko egindako ibilbide luzea» goraipatu du. Ildo horretan, berriki onartutako Trantsizio Energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Euskal Legeak zehazki aipatzen ditu azpiegitura berde eta urdinaren eta Naturan Oinarritutako Konponbideen sustapena, plangintza eta aprobetxamendua, lurraldearen egokitzapena eta erresilientzia lortzeko.