Urban Klima 2050, Triple-C proiektuaren baitan aurkeztu diren EBko proiektu arrakastatsuetako bat da, klimarekin lotutako arriskuen kudeaketaren alorrean

2022/12/05

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak publiko teknikoari zuzendutako eskualde-ekitaldi honetan parte hartu du: ‘Ekintza arrakastatsuak klimarekin lotutako arriskuen kudeaketan’. Neikerrek antolatuta, ekitaldia Triple-C proiektuan dago sartuta, eta abenduaren 1ean egin da –osteguna-, Arkauten (Araba); bertan, klima-aldaketara egokitzeko xedez Espainia, Frantzia, Portugal, Irlanda eta Ingalaterran gauzatzen ari diren proiektu batzuen arduradunek konpartitu dituzte zenbait arlotan gauzatutako ekintzak.

Iñigo Urrutikoetxea Alvarezek, Urban Klima 2050en koordinazio-taldekoak, ekitaldian parte hartu du hitzaldi honekin: ‘Euskal estrategia energetiko-klimatikoaren bultzada, lurraldearen erresilientzia lortzeko’. Bertan, errepasoa egin die Euskadik klima-ekintzaren arloan datozen urteetarako abiatuta duen proiektu handienaren ildo nagusiei, hau da, Urban Klima 2050 proiektuaren ildo nagusiei. Azpimarratu duenez, ‘bide luze bat da, klima-gobernantza zenbait mailatan hobetzera zuzendua, lankidetza-proiektuen bitartez’.  

Hala, Euskadiko hiri-eremuetan eta hiri-ingurumarietan, ibai-arroetan eta kostaldean gauzatzen ari diren ekintzak laburbildu ditu, klima-aldaketarekin lotutako analisi, ahalduntze eta kudeaketaren arloan egiten ari den lana nabarmentzeaz batera. Alde horretatik, Urrutikoetxeak azpimarratu ditu “erantzunkidetasunaren garrantzia eta proiektu konpartitu bat abiatzeak dakartzan abantaila eta aukerak”.

Urrutikoetxearekin batera, ekitaldian beste partaide hauek ere aritu dira: Jean-François Berthoumieu, Erdialdeko Garonako Klimatologia Elkarte eta Dordoinako Nekazaritza Elkartekoa; Darren Barry, Shannongo Unibertsiate Teknologikokoa, Irlanda; Laurence Couldrick, Westcountry Rivers Trust erakundekoa, Ingalaterra; eta Miguel Almeida, Coimbrako Unibertsitatekoa, Portugal; baita Asier Uribeetxebarria ere, Neiker-Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakunderekoa –erakunde hau izan da ekitaldiaren antolatzailea-.  

Horiek guztiek konpartitu dituzte zenbait arlotan izandako esperientziak, hala nola uraren, lurzoruen, klima-lidergoaren, ordainketa eta finantziazioaren, basoetan edo alerten arloetan izandakoak. Eta Triple-C proiektuaren esparruan egin dute; izan ere, proiektu horren ardatza da klima-aldaketak eragindako arriskuen prebentzio eta kudeaketaren arloan EBn gauzatutako proiektu arrakastatsuak aztertzea, ebaluatzea eta kapitalizatzea, jardunbide egokiak eta identifikatutako emaitzak hedatzeko eta politiken formulaziora transferitzeko xedez.