Urban Klima 2050 proiektuak klima-aldaketaren aurrean herritarren ahalduntzea bultzatzen du EAEko bost udalerritan

2026/2/5

Amurrion, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Zarautzen garatutako udal-planak ohitura jasangarriak sustatzeko eta herritarrek ekintza klimatikoan parte hartzeko ekintzak martxan jartzen ari dira.

Euskadiko Herritarrak Ekintza Klimatikoan Ahalduntzeko Planaren aurrerapenaren ondoren, Urban Klima 2050 proiektuak Amurrion, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Zarautzen garatutako udal-planen emaitzak aurkeztu ditu. Horiei esker, eremu estrategiko hori toki-eremura eraman eta udalerri bakoitzari egokitutako ekintzak zehaztu daitezke. 

2023an plan horiek herritarrekin batera sortzeko prozesuak amaitu zirenetik, udalek herritarrak ahalduntzeko planifikatutako ekintzak martxan jartzeko lan egin dute, sei jarduera-ildo inguruan egituratuz: informatu, komunikatu, sentsibilizatu, hezi, herritarren parte-hartzea sustatu eta testuingurua aldatu. 

2050erako esparru komuna 

Udal-plan horien helburua klima-aldaketaren arloan herritarren ahalduntzea sustatzea eta epe luzera jarrera jasangarriagoak bultzatuko dituzten ohiturak ezartzea da. 2050era begira, planek honako helburu hauek dituzte, besteak beste: mugikortasun jasangarria sustatzea, eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan oinarritutako energia-trantsizio justua bultzatzea, hurbileko kontsumo arduratsua sustatzea, zero hondakinerantz aurrera egitea, ekosistemak babestea, hiri-ingurune erresilienteagoak sortzea eta klima-ekintzari lotutako erabakietan herritarrek aktiboki parte hartzea. 

Esparru komun horri esker, ikuspegi berarekin aurre egiten diote klima-erronkari udalerri guztiek, ekintzak udalerri bakoitzaren errealitatera eta beharretara egokituz. 

Planen aurrerapenak 

Oro har, Urban Klima 2050 esparruan garatutako bost ahalduntze-planetan aurrerapen nabarmena ikusten da. Herritarrak ahalduntzeko 105 ekintzetatik, gaur egun 66 garatzen ari dira edo osatuta daude. Zehazki, % 62 hasi dira, eta % 28 jada amaitu dira, eta horrek erakusten du planen bilakaera mailakatua egon dela 2023an martxan jarri zirenetik. 

Garapen maila ildo estrategikoaren arabera ezberdina da. Bereziki nabarmentzen dira hezkuntzari lotutako ekintzak (ekintzen % 90 hasi dira), testuingurua aldatzeko ekintzak (% 78) eta herritarren parte-hartzea sustatzekoak (% 72). Informatu eta komunikatu ildoetan ere aurrerapen nabarmenak egon dira, ekintzen % 59 eta % 54 hasi baitira, hurrenez hurren; eta sentsibilizatu ildoa % 48 garatu da.