Urban Klima 2050 proiektuak itsas mailaren igoeraren aurrean itsasertzaren egokitzapenari buruzko esperientziak ezagutu ditu Biarritzen

2023/06/29

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Adolfo Uriarte, eta Ihobeko, Zarauzko Udaleko, AZTIko, Tecnaliako eta Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniari Elkargoko ordezkariak Biarritzen izan dira ostegun honetan, ekainaren 29an, itsasertzaren aurrealdea itsas mailaren igoerak dakartzan arriskuetara egokitzeko ezarri diren ekintzak ezagutzeko.

Bisitan, euskal ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu ahal izan du Rivages ProTech-Suez ikerketa-zentroak Biarritzeko hondartzan abian jarri duen ‘Wave Submersion’ zerbitzu operatiboa, ekaitzek eragindako eta klima-aldaketari lotutako tokiko eraginak ebaluatzeko eta arintzeko.

Bestalde, Ihobeko eta AZTIko ordezkariek Zarauzko itsas pasealekurako garatutako jarduketa-aukeren azterketa aurkeztu dute; lan hori LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren C.6 Kostaldeko eremuan esku hartzeko pilotuak ekintzaren barruan dago. Azaldu dutenez, lana hondartzaren erabilera bermatzeko eta klima-aldaketaren testuinguruan hondartza higatzeko eta urpean geratzeko arriskua murrizteko neurri potentzialen katalogo bat biltzean eta proposatzean oinarritu da.