Urban Klima 2050 proiektuak herritarren zientziarako NbS-CoBAs tresna aurkeztu du Bilbon, zenbait herritarren parte hartzearekin
2025/12/12
Herritarrek María Díaz de Haroko korridore berdea ebaluatu dute, eta horrela, hiri-guneak naturalizatzean sortzen diren onura psikosozialei buruzko datuak lortu dira.
Herritarren zientziarako NbS-CoBAs tresnaren aurkezpenean hamazortzi pertsonak hartu dute parte Bilbon. Ekintza Tecnaliak zuzendu du, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu barnean. Saio horretan, guztion artean María Díaz de Haroko korridore berdea ebaluatu dute, eta hiri-guneetan naturan oinarritutako konponbideek dakartzaten onura psikosozialei buruzko informazioa eman dute.
Jarduera bi zatitan banatu da: azalpen saioa, non Urban Klima 2050 proiektua, Herritarren Zientzia Plataforma eta NbS-CoBAs tresnaren funtzionamendua azaldu diren; eta korridore berde berria ikusteko bisita praktikoa, behaketak in situ egiteko.
Naturak hiriko bizitzan nola eragiten duen ezagutzeko tresna
Aurkezpenean, Tecnaliako talde teknikoak NbS-CoBAs tresna Europako CLEVER Cities proiektuan sortu zela azaldu du, baterako sorkuntza prozesu baten ondorioz. Gaur egun, Urban Klima 2050 proiektuaren bidez, Euskadiko 7 udalerritako 25 gunetan baliozkotzen ari da.
Tresna horren bidez, naturalizatutako espazioek sortzen dituzten onura psikosozialak ebaluatu daitezke: ongizate emozionala, gizarte-kohesioa, bertakoa izatearen sentimendua, segurtasuna edo gizarte eta ingurumenaren arteko ekitatea.
Gainera, honetarako ere balio du: naturalizatutako hiri-gunetatik ongizate handiena zeinek sortzen duten jakiteko, leku jakin bati buruz herritarrek duten pertzepzioa ebaluatzeko, hirigintza-ekintza baten aurretiko eta ondorengo egoerak aztertzeko, etorkizunean berdeguneak diseinatzen lagunduko duten datuak lortzeko, edo herritarrak ekintza klimatikoan parte hartzera bultzatzeko.
María Díaz de Haroko korridore berdea bisitatzen
Aurkezpen saioaren ondoren, parte hartzaileek María Díaz de Haro kaleko bi atalak ikustera joan dira: oraindik lehen bezala dagoen atala eta birnaturalizatu egin den atala. Azken zati horretan, oinezkoentzako eta landaretarako 6.000 m² moldatu dira, 50 zuhaitz berri landatu dira eta txorko iragazkorrak egin dira, eta argiztapen berria eta saneamendu-sare berrituak jarri dira.
Bi kokapenetan eta ingurunea minutu batez behatu ondoren, parte-hartzaileek NbS-CoBAs tresna erabili dute espazioa baloratzeko. Probak aukera eman du ongizateari, ingurumen-erosotasunari, segurtasunari, espazioan erlaxatzeko erraztasunari edo naturalizazioak sortzen duen aldaketa emozionalari buruzko pertzepzioak jasotzeko. Emaitzek erakusten dutenez, naturalizatutako espazioan pertsonen erosotasuna eta segurtasun sentsazioa hobeagoak dira, eta emozioak oraindik berritu gabeko tartean baino positiboagoak dira.
Herritarren zientzia eta klimari buruzko sentsibilizazioa
Jardunaldia amaitzeko, ideiak partekatu dituzte, eta NbS-CoBAs tresnaren etorkizuneko zabalkundea hobetzeko eta Euskadiko hainbat tokitan pertsona gehiagok euren iritzia ematea errazteko proposamenak ere jaso dira.
Esperientzia horrek Urban Klima 2050eko herritarren zientzia plataforma indartzeko balioko du eta proiektuaren helburuan aurrera egiteko: herritarrek klima-aldaketa ulertu eta hiri-gune osasungarri eta erresilienteagoak eraikitzen parte hartu dezatela.

