Urban Klima 2050 proiektuak herritarren zientziako tresnak eskaintzen dituen plataforma bat jarri du abian herritarrak ekintza klimatikoan inplikatzeko
2025/6/5
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak atal berri bat prestatu du bere webgunean, "Herritarren Zientzia Plataforma" izenekoa. Herritarren zientziaren bidez ekintza klimatikoa herritarrei hurbiltzeko eta klima-aldaketara egokitzeko parte-hartze aktiboa errazteko pentsatutako gunea da.
Atal berri horrek proiektuaren esparruan garatutako hiru tresna biltzen ditu, lurraldearen jarraipena eta kudeaketa egiteko funtsezko informazioa biltzeko aukera ematen dutenak, betiere herritarren laguntzarekin. Tresna horietako lehena, Lurzain, eskuragarri dago jada, eta beste biak laster gaituko dira.
Lurzain: lurzoruaren osasunaren ebaluazioa
Lurzain Neikerrek garatutako web-aplikazio bat da, eta lurzoruen ebaluazioan eta kudeaketa jasangarrian laguntzeko aukera ematen die herritarrei. Boluntarioen inplikazioari esker, tresna honek erraz biltzen ditu lurzoruaren egoerari buruzko datuak, eta, horrela, kudeaketa jasangarrirako behar diren parametroak ematen ditu.
Neurketen zehaztasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, zentroak, Eskoziako James Hutton Instituterekin lankidetzan, digitalizaziorantz egin du aurrera, irudiak hartzeko telefono mugikor bat erabiltzen duen neurketa berritzaile bat gehituz, lurzoruaren funtsezko propietateak (materia organikoa, testura eta pH-a) estimatzen dituzten neurona-sareen ereduekin batera.
Horrela, Lurzainek lurzoruaren funtsezko bost funtziotan antolatzen ditu 12 neurketa horiek, Lurreko bizitza elikatzeko: landare-ekoizpena, biodibertsitatearen sustapena, uraren erregulazioa, emankortasunaren mantentzea eta karbonoaren bahiketa.
Plataformarako sarbidea: Lurzain
Eskulibururako sarbidea: Lurzoruetako Osasun Txartelak - Landa Eskuliburua
Minka/KazkabApp: kazkabar-itxurako prezipitazioaren erregistroa eta jarraipena
Minka/KazkabApp Euskalmetek garatutako herritarren zientziarako tresna bat da, eta kazkabar-gertakariak detektatzen eta haien jarraipena egiten laguntzeko aukera ematen die herritarrei. Fenomeno meteorologiko hori gero eta ohikoagoa eta biziagoa da klima-aldaketaren ondorioz. Aplikazio horren bidez, edonork bidal ditzake behatzen duen kazkabarraren argazkiak. Informazio horrek dauden detekzio-sistemak osatzen ditu, eta epe laburreko abisuak hobetzen laguntzen du, bai eta klima-aldaketak ekaitz mota horietan dituen ondorioen ezagutzan sakontzen ere.
NbS-CoBAs: hiri-naturalizazioaren onura psikosozialen ebaluazioa
NbS-CoBAs Naturan Oinarritutako Soluzioek (NBS, ingelesezko sigletan) hiri-inguruneetan sortzen dituzten onura psikosozialak ebaluatzeko diseinatutako tresna bat da, hala nola zaharberritze psikologikoa, gizarte-kohesioa edo segurtasun-pertzepzioa. Esku-hartze horiek hiri-berroneratzeko proiektuetan gero eta presentzia handiagoa badute ere, pertsonen osasunean eta ongizatean dituzten onurak oraindik ez dira behar bezala aztertu.
Tresna horren bidez, herritarrek Euskadin naturalizatutako hainbat espazio publikori buruz duten pertzepzioa bildu nahi da. Horretarako, erabiltzaileak azterlan batean parte hartzera gonbidatzen dira, hirietako bizi-kalitatean jarduera horiek duten benetako eragina baloratzen lagunduko duten galdetegi errazei erantzunez.

