URBAN KLIMA 2050 proiektuak Gasteizko nekazaritza ekologikoa babesten du
2022/05/12
Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bidez eta Euskal Autonomia Erkidego osoko hogei erakunderekin batera, LIFE Urban Klima 2050 proiektuan parte hartuko du, Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategia - KLIMA 2050 hirigunean hedatzeko. Estrategia horrek berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea du helburu, eta, aldi berean, gure lurraldeak klima-aldaketaren aurrean duen erresilientzia bermatzeko lan egiten du. Esparru horretan, hiri- eta landa-konexioaren hobekuntzan ezartzen du Gasteizek bere esku-hartze pilotuetako bat, hiri-periferiako hainbat finkatan nekazaritza ekologikoa sustatuz.
Jarduketa horren helburua da esku-hartzea egingo den finken nekazaritza-ekoizpena bultzatzea, inguruko biodibertsitatea hobetuz. Nekazaritza-biodibertsitatea –edo nekazaritzarekin lotutako dibertsitate biologikoa– biodibertsitate orokorraren azpimultzo bat da, zuzenean edo zeharka elikadurarako eta nekazaritzarako erabiltzen diren animalien, landareen eta mikroorganismoen aniztasunari eta aldakortasunari erreferentzia egiten diona. Nekazaritza-biodibertsitate hori osatzen duten heskaien eta zuhaixken landaketen funtzio batzuk honako hauek dira: fauna laguntzailearentzako ostatu-efektua, lurpeko eta azaleko uren kutsadura murriztea, higadura hidrikoa nahiz eolikoa kontrolatzeko laguntza eta partzelen mikroklima leuntzeko aukera ematen duen haize-kontrako efektua.
Azken negu honen amaieran, hamabost zuhaixka-espezieren berrogeita hamar oin baino gehiago landatu dira, labore-lurzati baten ertzean. Gure inguruko bizkarretan eta basoetan ohikoak diren espezieak landatu dira, hala nola gurbitza, ezpela, gorostia, gereziondoa eta sagarrondo basatia, besteak beste. Horrela, egitura bizi horrek, ekosisteman ondorio positiboak izateaz gain, balio estetiko handia ematen dio landa-paisaiari.
Lurzati berean, fruta-arbola espezieak landatu dira, fruta ekoizteko eta nekazaritza eta basozaintzaren ekimen berritzaile bat garatzeko; hau da, laboreak zuhaitz-plantazioekin integratzen dituen praktika bat garatzeko. Eite handiagoko landare horien jatorria Euskadiko Hazien Sarea elkartearen fruta-mintegian dago; elkarte horrek 25 urte daramatza gure alorretan landutako barietateak berreskuratzeko eta kontserbatzeko lanean.