Urban Klima 2050 proiektuak beste pauso bat eman du herriak klima-aldaketara egokitzeko, Euskadirako klima-proiekzio berriak eginez
2025/3/31
Euskalmet eta Neikerrek lortutako azken emaitzek EAEko klima-arriskuaren analisia zabaldu dute, haizearen abiadura, hezetasun erlatiboa edo eguzki-erradiazioa bezalako aldagaiak gehituz.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak tokiko eskalan egokitzeko neurriak garatzen aurrera egiten du, Euskalmetek, Neikerrek eta Tecnaliak egindako lanari esker. Erakunde horiek Euskadirako proiekzio klimatikoak etengabe hobetzen ari dira, etorkizuneko baldintza klimatikoak iragartzeko bereizmen handiko datuak erabiliz.
Azterlana Urban Klima 2050eko lehen fasean hasi zen A.2 EAEko klima-arriskuaren analisia zabaltzea izeneko ekintza barruan, eta 2024an emaitza gehiago lortu izan dira.
Aurretiko emaitzak
Neikerrek LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren lehen fasean garatutako analisiak prezipitazio eta tenperatura aldagaiak aztertzen zituen, eta aldagai horietan oinarritutako 70 adierazle klimatiko baino gehiago lortu ziren. Lortutako datuei esker, erreferentziako aldi historikoaren aldean hiru aldi (2011-2040, 2041-2070 eta 2071-2100) aztertu ahal dira bereizmen espazial handiarekin (1km x 1km, gutxi gorabehera). Analisiak tenperatura-igoera mailakatua aurreikusten du, eta horrek bero-bolada gogorragoak eta prezipitazio-patroien aldaketa eragin litzake.
Gainera, Euskadiko prezipitazio-patroien aldaketak eragingo lukeen lurzoruaren higadura aztertzeko, azterketan Lurzoruaren Galera Ekuazio Unibertsala (USLE) ere erabili zen, higadura-azterlanetan asko erabiltzen den eredua. Ekuazio hori erabiltzean, euriaren higatasun (prezipitazioen energia higadura eragiteko), lurzoruaren higagarritasun (higatzeko erraztasuna testura, materia organikoaren edukia edo egitura bezalako ezaugarrien arabera) eta topografia (malda eta luzera) faktoreak hartu ziren kontuan. Horren ondorioz, muturreko klima-aldaketa egoeran (RCP8.5) higadura zenbatesteko mapa espezifikoak sortu ziren, aipatutako hiru aldietarako.
Aurrerapen berriak
Proiektuaren bigarren fasean, Euskalmetek haizearen abiadura, hezetasun erlatiboa eta eguzki-erradiazioa sartu ditu azterketan. Aldagai horiei esker, Euskal Autonomia Erkidegoko klima-arriskuaren azterketa sakonagoa egin ahal da, eta tokiko baldintzak eta datozen hamarkadetan haiek izango dituzten bilakaera aztertu daitezke.
Horretarako, Euskalmetek zehaztu duenez, klima-ereduen proiekzioak egokitu egin dira, eskualdeko behaketetan lortutako datuetara egokitzeko. Azterketa EURO-CORDEXen datuetan oinarritu da; EURO-CORDEX Europako eskualdeko klima-proiekzioko ekimen aurreratuenetako bat da. Ekimen horrek klima-aldaketaren simulazioak sortzeko eredu globalak eta eskualdeko ereduak erabiltzen ditu, gutxi gorabehera 12 x 12 km-ko bereizmenarekin eta alborapen-zuzenketarik gabe. Behaketa-erregistroetarako E-OBS erabili da, ECA & Dk (European Climate Assessment & Dataset) garatutako Europako datu klimatikoen multzoa; bertan, Europako estazioetako aldagai meteorologikoei buruzko erregistro serie luze eta kalitatezkoak daude. Azkenik, espazio-iragarpenari aplikatutako Machine-Learning teknikak erabili dira gainerako tenperatura eta prezipitazio datuen bereizmen-balio berdina lortzeko (1x1 km), eta horrela eragiketak errazteko.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren lehen fasean aztertutako aldagaiek bezala, oraingoan lortutako datuek aukera ematen dute hiru aldi nagusitarako (2011-2040, 2041-2070 eta 2071-2100) eguneko serieak aztertzeko. Emaitzen arabera, haizearen batez besteko abiadura eta hezetasun erlatiboa behera egingo dute apur bat, eta erradiazioa pixka bat handituko da.
Euskadiko errealitatera egokitutako proiekzio klimatikoak
Bereizmen handiko proiekzio horiek, oinarri bezala hartutako klima-ereduek (EURO-CORDEX ereduak) baino xehetasun handiagoa ematen dute. Horregatik, funtsezkoak dira klima-aldaketaren eraginari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko tokiko azterlanak egiteko, Euskadiko eremu kalteberak zehazten lagunduz.
Tenperatura eta prezipitazioa aztertzeko 12 simulazio erabili dira, bost eredu global eta lau eskualde-eredu dituztenak. Hezetasun erlatiborako 33 eredu erabili dira, haizerako 36, eta erradiazioa aztertzeko, erabilitako emisio-egoeraren arabera (RCP8.5 eta RCP4.5), 12 eredura arte erabili dira. Kasu guztietan, alborapena zuzentzeko teknikak erabili dira, proiekzioak EAEko testuinguru zehatzera egokitzeko. Modu horretan, ereduaren desbideratzeak murrizten dira eta proiektatutako datuek tokiko baldintzak zehatz-mehatz islatzen dituzte.
Euskalmetek eta Neikerrek sortutako informazio guztia Ihoberen Klima Eszenarioak bisorearen bidez eskuragarri dago. Horri esker, proiekzio klimatikoak eta horiek Euskadin dituzten eraginak azter daitezke.

