Urban Klima 2050 programak klima-aldaketaren aurrean herritarren ahalduntzeari buruzko planaren ekintzen % 70 aktibatu ditu
2025/6/30
Planak 29 ekintza aurreikusten ditu, ohitura jasangarriak bultzatzeko eta klima-aldaketaren aurrean herritartasun aktiboa eta erantzunkidea sustatzeko.
2023ko ekainean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eragile garrantzitsuekin klima ekintzarako Euskadiko herritarren ahalduntzeari buruzko plana kosortzeko egindako partaidetza-prozesua bukatu zenetik, Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa hura inplementatzen jardun du. Plan hori LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren parte da, eta sei ildo estrategikoren inguruan egituratzen da. Guztira 29 ekintza biltzen ditu, ohitura jasangarriak bultzatzeko eta klima-aldaketaren aurrean herritartasun aktiboa eta erantzunkidea sustatzeko.
Hartutako konpromisoaren barruan, Urban Klima 2050ek itzulketa-saio bat egin du planaren baterako sorkuntzan parte hartu zuten eragileekin, eta haren garapenean lortutako aurrerapen-maila partekatu da. Saioan zehar, egindako jarraipenaren emaitzak aztertu ziren, eta horrek erakusten du ekintzen % 69 dagoeneko abian direla. Horietatik guztietatik, % 31 garapen-fasean daude, eta gainerako % 38 burutu dira dagoeneko; kasu askotan, Ihobek zerbitzu gisa eskaintzen dituen eta errepikatzen diren ekintzak dira.
Burutu diren ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Klima Azoka azoka ibiltaria; TerminUs Klima Aldaketaren Escape Boxaren hedapena eta dinamizazioa; Osasun Sailarekin lan-ildo bat sustatzea klima-aldaketaren eta osasunaren arteko loturak ikusarazteko, Osasunaren eta Ingurumenaren Ingurumen Profila bezalako lanetan gauzatu dena, non klima-aldaketa osasunaren 7 ingurumen-baldintzatzaileetako bat den; edo "artea eta klima" ekimenak, hala nola Klimametrajea edo Zinebi Express. Era berean, abian dira beste batzuk ere, hala nola "52 keinu klima-aldaketaren aurrean" argitalpena edo karbono pertsonalaren aztarna kalkulatzeko makina eguneratzea; Euskal Autonomia Erkidegoan eskola-ingurune osasungarriak eta jasangarriak sustatzeko eskuliburua; "Osasuna eta hiri-garapen iraunkorra" gida praktikoa eguneratzea ikuspegi klimatiko indartuarekin; Urban Klima 2050 herri-zientziaren plataforma garatzea; edo Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarra sortzea.
6 jomuga, helburu bakarra: herritar konprometituak lortzeko bidean aurrera egitea
Herritar konprometituagoak lortzeko, planak 6 helburutan jartzen du arreta:
- Herritarrei modu objektibo eta egiazkoan AZALTZEA klimaren egoera zein den, eta haren kausak eta ondorioak zein diren.
- Modu espezifikoan eta bereizian KOMUNIKATZEA, pertsonak partaide egiteko bitarteko gisa.
- Pertsonak SENTSIBILIZATZEA/KONTZIENTZIATZEA zerbait egitearen garrantziaz.
- Jarrera kritikoa eta ohiturak aldatzea sustatzen dituzten balioak eta ezagutzak partekatuz HEZTEA.
- Ekintza klimatikoari buruzko erabakietan HERRITARREN PARTE-HARTZEA SUSTATZEA.
- TESTUINGURUA ALDATZEA, banakako edo taldeko ekintza klimatikoa errazteko.
Ildo estrategikoen arabera, komunikazio-ekintzek izan dute aurrerapen handiena: % 71 hasi dira eta % 57 burutu dira dagoeneko. Ondoren, sentsibilizaziokoak datoz, % 75 hasita eta % 50 burututa, eta herritarren parte-hartzea, ekintzen % 100 hasita eta % 33 amaituta. Hezkuntzako, informazioko eta testuinguru-aldaketako ildoek gauzatze-maila txikiagoa erakusten dute, baina horiek ere aurrera doaz: ekintzen % 60, % 50 eta % 50 hasita daude, hurrenez hurren.
Planaren helburu nagusia herritarren ohiturak jokabide jasangarriagoetara aldatzea da, besteak beste, honako helburu hauekin: mugikortasun jasangarria sustatzea, trantsizio energetiko justua bultzatzea, kontsumo arduratsua sustatzea, zero hondakinerantz aurrera egitea, ekosistemak babestea eta herritarrek ekintza klimatikoan parte-hartze aktiboa izatea ziurtatzea.
Datozen hilabeteetan, jarraipen-jarduera hori bera egingo da Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan egindako bost udal-jabekuntza planekin.

