Urban Klima 2050, maila anitzeko tokiko gobernantzaren eredua ‘LIFE Innovates Climate Action’ nazioarteko konferentzian

2022/11/10

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak ‘LIFE Innovates Climate Action’ nazioarteko konferentzian parte hartu du, azaroaren 8 eta 9an, Aarhusen (Danimarka), bere maila anitzeko tokiko gobernantzaren ekintzak aurkeztuz.

Iñigo Urrutikoetxea Alvarezek, Urban Klima 2050e talde koordinatzailearen kideak, online formatuan parte hartu zuen azaroaren 9an, asteazkena, 'Tokiko eta maila anitzeko gobernantza berrikuntza sistemikoarekin hobetzea' izeneko saioan. Bere hitzaldian, Urrutikoetxeak azaldu ditu Euskadik datozen urteetarako abiatuta duen klima-ekintzako proiektu nagusiaren jarduera-ildo nagusiak; bere esanetan, “kolaboratzen duten erakunde guztien artean konpartitutako ardura-eredu bat da, 40 ekintza konkretu gauzatzeko”.

Alde horretatik, azaldu du Urban Klima 2050 dela, “alde batetik, lankidetza-esparru bat gobernantza maila desberdinen, ikerketa-zentroen eta ingurumen, energia eta uraren arloko eskualde-agentzien artean; eta, bestetik, entzute aktiborako esparru bat euskal udalentzat, bertan udal beharrei heltzen baitzaie”.

Gainera, teknikariak azpimarratu nahi izan du “energia- eta klima-politiken berrazterketan egindako lana eta biak 2050era arteko bide-orri batean integratu izana, hori energia-trantsizio eta klima-aldaketari buruzko estrategia batean jasoko baita, 2030era arte”. Beste alde batetik, adibideen bidez zehaztu ditu hiru esku-hartze arlotan (hirigunea eta hirien ingurumariak, kostaldeak eta ibaien arroak) egiten ari diren proiektuen jarduerak. “Alerta goiztiarreko eta bideometriako sistemak jarri ditugu euskal kostaldean olatuen jarraipena egiteko; Ondarroako portuaren egoera aztertu dugu eta indartze-neurriak proposatu ditugu, olatu handiek sor litzaketen egoeren aurrean”, zehaztu du.

Urban Klima 2050, euskal klima-ekintzaren iragana eta geroa bereiziz

Bere hitzaldian, Urrutikoetxeak nabarmendu du “Urban Klima 2050 bere ekintzak transferitzeko eta erreplikatzeko ahalmenean oinarritzen dela, eta, hortaz, efektu katalizatzaile nabaria duela proiektu berrietarako". Halaber, proiektua zenbait ekintzatan gauzatuko da, hala nola “herritarrak klima-aldaketaren inguruan modu berritzaile batean kontzientziatzeko plan baten sorrera, euskal eragile batzuekin batera. Profil psikologiko desberdinetara zuzentzen gara, ingurumenarekin arduratsuagoa den jokabide baterantz aurrera egiten laguntzeko”, deskribatu du.

Parte-hartzea eta sentsibilizazioa, klima-erronkaren gakoak

Europako Klima Azpiegituren eta Ingurumenaren Agentzia Exekutiboak (CINEA), LIFE NEEMO proiektuen jarraipen-taldeak eta LIFE Coast to Coast Climate proiektu integratuak antolatutako konferentzian, LIFE proiektu batzuek eta Europar Batasunak finantzatutako zenbait programak eztabaidatu dute nola hobetu daitekeen klima-ekintza berrikuntzaren bitartez.

Besteak beste, helarazi diren mezuek azpimarratzen dute sinergiak, aliantza berriak eta sareak ezartzeko beharra, ezagutza konpartitzeko, erabakitze-prozesu bateratuak sustatzeko, eta administrazio maila desberdinetako alderdi interesatuak inplikatzeko. Alde horretatik, sentsibilizazioa ere azpimarratu da, bai herritarrena eta bai arduradun politikoena, eskumenak eta elkar-ulertzea hobetzeko.