Urban Klima 2050 Euskadin klima-aldaketa monitorizatzeko ikuskatze-plataforma batean ari da lanean
2022/06/02
- Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan ‘klima-aldaketaren hub-a’ garatzen laguntzen duten erakunde bazkideek (Ihobe, Naturklima, Azti, Neiker eta Tecnalia), lan-saio batean, gehiago zehaztu dituzte urte honen amaieran argitaratzea espero duten ikuskatzeko eta monitorizatzeko sistemarako adierazleak.
Aztertu, definitu eta barreiatu. Urban Klima 2050 proiektuaren ‘Klima-aldaketaren hub-a: ikuskatzeko eta monitorizatzeko sistema’ delakoaren lan-metodoa da, hurrengo urteetarako Euskadiko klima-ekintzako proiektu handienaren C9.1 ekintzari lotua.
Bi urtez literatura zientifikoaren berrikuspen bibliografiko sakona egin, antzeko plataformak aztertu eta hausnarketa-prozesu bat egin ondoren, hub-eko erakunde bazkideek ikuskatzeko plataforma bat jarri nahi dute martxan urtearen amaieran, Euskadiko klima-aldaketa, haren bilakaera, eragina eta ezarritako egokitzapen-neurrien eraginkortasuna monitorizatzeko.
Ihobek, Naturklimak, Aztik, Neikerrek eta Tecnaliak lan-saio batean parte hartu zuten maiatzaren 27an, Euskadiko klima-aldaketa monitorizatzeko eta ikuskatzeko sistemaren parte izango diren adierazleak definitzen jarraitzeko. Meteorologian, itsas ingurunean eta nekazaritza eta basogintzako sektorean adituak diren pertsonek adierazle horiek honelakoak izatearen beharraz eztabaidatu zuten:
- Ulergarriak, ezagutza maila desberdina duten erabiltzaileentzat: direla herritarrak, direla erabiltzaile adituak.
- Klima-aldaketaren joera erakustea.
- Emaitzak ebidentzia zientifikoak islatzen duenaren isla izatea.
Plataforma hori osatuko duten adierazleen artean honako hauek egongo dira:
- Tenperaturaren eta prezipitazioaren ondoriozko adierazle meteo-klimatikoak, hala nola bero-boladen kopurua, gau tropikalen kopurua edo lehortearekin lotutako indizeak.
- Itsasoaren parametro fisiko-kimikoak, hala nola pH-a, tenperatura, batez besteko maila edo olatuaren altuera.
- Itsas faunarekin eta mikrofaunarekin lotutako adierazleak, hala nola bentos-komunitateak, itsas belardiak, zetazeoak eta itsas hegaztiak.
- Osasunarekin lotutako adierazleak, hala nola bektore infekziosoak, eltxoen eta kaparren ugaritasuna.
- Osasunarekin lotutako itsas ingurunearen adierazleak, hala nola anisakisen eragina arrain komertzialetan.
Lehenengo fase honetan plataforma osatuko duten adierazleak hautatu ondoren, hurrengo hilabeteetako lanaren ardatza izango da adierazpen-modu egokienak aztertzea, aipatutako irizpideen arabera