Urban Klima 2050 Euskadiko klima-ekintzako proiektu nagusi gisa aurkeztuko da ADAPTtoCLIMATE nazioarteko konferentzian

2021/04/16

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handienaren baitan datozen urteetan gauzatuko diren ekintzak aurkeztuko ditu, apirilaren 19 eta 20an modu birtualean egingo den ADAPTtoCLIMATE nazioarteko konferentzian.

LIFE UrbanProof proiektuaren baitan egingo den konferentzia horrek zientzialariak, ordezkari politikoak eta Europako hainbat proiektu eta erakundetako ordezkariak bilduko ditu. Bertan, klima-aldaketarekin eta hiri-ingurunearen egokitzapenerako plan, estrategia eta azpiegiturekin lotutako gaiak jorratuko dira, sei saiotan, konferentziaren bi egunetan.

Dafne Mazok, Urban Klima 2050en talde koordinatzailearen kidea den aldetik, apirilaren 19an –astelehena- parte hartuko du ‘Klimaren inguruko ikerketa eta finantziazioa eta egokitzapenerako plan eta estrategiak’ izenez egingo den bigarren saioan. Bere hitzaldian, Mazok aurkeztuko ditu euskal lurraldea klima-aldaketa arintzearen eta berari egokitzearen bitartez eraldatzeko xedez 2019-2025 garaian egingo diren 40 ekintzak. Urban Klima 2050 Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa den Ihobe sozietate publikoak gidatzen duen proiektu bat da, hogei erakunde inguru ere biltzen dituena bere lanean.

ADAPTtoCLIMATE nazioarteko konferentzia bultzatzen duen LIFE UrbanProof proiektuaren helburu nagusia da udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia handitzea, klima-aldaketarako egokitzapenari buruzko erabakiak informazio hobeaz hartzen laguntzera zuzendutako tresna indartsu bat eskainiz. Proiektuak Ingurumen eta Klima-ekintzako LIFE programaren (2014-2020) kofinantziazioa du.
Zipreko Ingurumen Sailak bere Klima-aldaketaren Ataletik koordinatuta, proiektuaren bazkideak honako erakunde hau dira: Atenasko Unibertsitate Nazional Teknikoa, Atenasko Behatoki Nazionala, Veneziako IUAV Unibertsitatea, eta Reggio Emilia (Italia), Strovolos (Zipre), Lakatamia (Zipre) eta Pristeri (Grezia) udalerriak.