Urban Klima 2050 eta Donostiako Udala Oberan mendiko espezie autoktonoak berreskuratzen ari dira
2021/03/23
Euskadiko baso-azalerak lurraldeko % 55 hartzen du, eta berau lehengoratzea eta berreskuratzea LIFE Urban Klima 2050 programaren helburuetako bat da. Ekintza horietako bat da Oberan mendian –Aiako Harria (Gipuzkoa) Parke Naturaleko gune batean kokatuta dago- gauzatzen ari dena, Donostiako Udalaren eskutik.
Zehazki, Natura 2000 Sarearen (balio natural ugariren babes-figura, horien artean bertoko basoena) Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) sartuta dagoen gune hori bertoko espezieez basoberritzeari ekin zaio. Gainera, gune horren ondoan kokatuta dauden Errekabeltzeko lurretan (Donostia) eta Añarbe basoan (Errenteria) Gipuzkoako harizti aberatsenetako bat dago; berau modu naturalean hedatuko zen Oberan menditik ere, bertan landatu ez balitz espezie aloktonorik berrogeita hamarreko hamarkadan. Zuhaizti horiek iaz moztu ziren, basoberritzearen aurreko lanak gauzatu zirenean.
Zeregin horien bidez egin dena da Lawson altzifreak, itsas pinuak eta larizio pinuak biltzen zituzten unadak (10 hektarea, gutxi gorabehera) ordeztea, zeren horiek beteta baitzuten euren mozketa-txanda. Aukeratutako espeziea haritz kanduduna izan da (Quercur robur), pagoa baino gomendagarriagoa baita. Gainera, aurreikusita dago eremu horretako erreka txikietako ertzetan dagoen erriberako basoa ere berreskuratzea, besteak beste haltzak, urkiak eta lizarrak landatuz. Orobat, beste espezie sekundario batzuk ere landatuko dira, hala nola madariondo edo sagarrondo basatiak, erriberako espezieak inguratuz, dibertsitatea areagotzeko eta hariztiraino iristen den trantsizio-eremu bat sortzeko xedez. Espezie sekundario horien erabileraren helburua da datozen urteetan basoaren barnealdera hedatu eta haritzarekin nahastu daitezela, modu naturalean, horren bidez jarraitutasuna emateko eremu horren ondoan kokatuta dagoen Añarbe basoari.