Urban Klima 2050 ekimenak herritarren kontzientzia eta konpromiso klimatikoa indartzen ditu Euskadin
2026/5/11
Proiektuaren ekintzetako parte-hartzaileek kezka, ohiturak aldatzeko joera eta eredu jasangarrien aldeko jarrera handiagoa erakusten dute, biztanleria orokorrarekin alderatuta.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren ahalduntze-ekintzak Euskadiko herritarren klima-konpromisoa indartzen laguntzen ari dira. Hala berresten du ekimen horien eraginaren azterketak; izan ere, erakusten du parte-hartzaileek biztanleria orokorrak baino kezka, inplikazio eta laguntza handiagoa dutela trantsizio ekologikoan.
Proiektuaren baitan egindako inkesten emaitzak ―KLIMA Azoka, Ekoetxea sarea, NbS-CoBAs zientzia-tresna herritarra eta antzeko ekimenetakoak― 2017, 2021 eta 2024ko Ekobarometroetako datuekin alderatzen ditu ikerketak. Konparazio horri esker, ahalduntze-ekintzetan parte hartzeak herritarren pertzepzioan zenbaterainoko eragina duen ebalua daiteke.
Emaitza nagusietako baten arabera, Urban Klima 2050 ekimenean parte hartzen duten pertsonek kontzientzia klimatiko handiagoa dute. % 71,82k adierazi dute klima-aldaketarekiko kezka handia dutela; 2017ko eta 2024ko ekobarometroetan, berriz, % 27-28k. Gainera, % 34,24 daude gehieneko kezka-mailan, EAEko herritarren artean hautemandakoa baino askoz handiagoa.
Norbanakoaren konpromisoari dagokionez, ohiturak aldatzeko joera handia da euskal gizarte osoan, baina proiektuko ekintzetan parte hartu dutenen artean bereziki handia da. Pertsona horien % 95,66k adierazi dute guztiz edo nahiko prest daudela beren portaera aldatzeko, baita horrek erosotasunei uko egitea badakar ere. Biztanlerian, oro har, joera hori altua izan da aurreko urteetan ere, baina 2024ko Ekobarometroak adierazten du konpromisoaren intentsitatea jaitsi egin dela; izan ere, pertsonen % 72 oso edo nahiko prest daude beren ohiturak aldatzeko.
Etorkizuneko agertokien azterketak eredu jasangarriagoen inguruko adostasun sozial zabala erakusten du. Energia berriztagarriak sustatzearekin, hiri berdeagoak sortzearekin edo mugikortasun jasangarria sustatzearekin lotutako proposamenek % 97ko balorazio positiboa izan dute parte-hartzaileen artean. Babes hori ere biztanleria orokorrean gehiengoa den arren, proiektuan parte hartu dutenen erantzunak gehienbat aukera mesedegarrienetan kontzentratzen dira, eta horrek uste sendoagoa adierazten du.
Hegazkinez egiten diren bidaiak murriztea planteatzen duen egoerak iritzi-aniztasun handiagoa aurkezten du. Hala ere, Urban Klima 2050 ekintzetan parte hartzen duten pertsonen % 86k positibotzat jotzen dute, eta biztanlerian oro har ikusten dena baino posizio zehatzagoa du.
Horrez gain, KLIMA Azoka eta antzeko ekimen zehatzen ebaluazioa ere jasotzen du ikerketak. Sentsibilizazio-azoka ibiltari horren batez besteko balorazioa 5etik 4,72koa da, eta parte-hartzaileen % 78k baino gehiagok uste dute eragin handia edo nahikoa izan duela ohiturak birplanteatzeko moduan. Emaitza horiek agerian uzten dute parte-hartze formatuek hausnarketa sustatzeko eta portaera-aldaketak bultzatzeko duten potentziala.
Oro har, txostenak ondorioztatzen du Urban Klima 2050 ekimenak herritarren sentsibilizazioa eta konpromisoa indartzen laguntzen duela klima-aldaketaren aurrean. Proiektuan garatutako ekintzei esker, trantsizio ekologikoaren aldeko jarrerak sendotu daitezke, eta gizartearen inplikazioari eutsi, biztanleria orokorrean nolabaiteko moderazio-zantzuak antzematen diren testuinguru batean.

