Urban Klima 2050, EBko Aire Garbiaren Foroan parte hartzeko hautatutako hiru LIFE proiektuetako bat
2021/11/04

- Saioak erabakiak hartzeko arduradunak eta adituak bilduko ditu 2021eko azaroaren 18an eta 19an Madrilen, airearen arloko politika, proiektu eta programa europar, nazional eta lokal eraginkorren garapenari eta aplikazioari buruz hausnartzeko.
LIFE IP Urban Klima 2050 Europako Batzordeak antolatzen duen EBko Aire Garbiaren hirugarren Foroan parte hartzeko hautatutako hiru LIFE proiektuetako bat da. Madrilen egingo da saioa, 2021eko azaroaren 18an eta 19an, eta erabakiak hartzeko arduradunak, alderdi interesdunak eta adituak bilduko ditu egun eta erdiko biltzar batean, airearen arloan eraginkorrak diren politika, proiektu eta programa europarren, nazionalen eta tokikoen garapenari eta aplikazioari buruz hausnartzeko eta EBren arauen berrikuspenaren berri emateko.
Ihobeko ordezkariak Madrilgo Reina Sofia Museoan izango dira eta datozen urteetarako Euskadiko klima-ekintzen arloko proiekturik handienari buruzko informazioa emango dute. Proiektu horrek euskal lurraldea eraldatuko du, 2019-2025 aldian klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko 40 ekintza koordinatuz. Museoan bertan dagoen stand batean, online plataforma baten bidez, proiektuaren esperientzia partekatzeko eta kontsultei erantzuteko aukera izango dute.
Horrezaz gainera, foroan honako proiektu hauek ere parte hartuko dute: LIFE Arimeda proiektua, Mediterraneoko nekazaritza-alorrean amoniako-isurketak murrizteko ekintzak sustatzen dituena, minda bidezko fertirrigazioko teknika berritzaileen bidez; eta LIFE Gysatra proiektua, isuriak neurtzeko teknologia berri bat garatzen duena, horrela, trafiko-isuriekin loturik dagoen informazio enpirikoan oinarritutako mugikortasun iraunkorreko politika berri bat ezarrri ahal izateko.
Beste alde batetik, CINEAko ordezkariak LIFE 2021-2027 programa berriari eta aire garbia finantzatzeko aukerei buruzko galderei erantzuteko prest egongo dira.