Urban Kima 2050ek klima-ekintzaren arloan egin dituen aurrerapenak aurkeztu ditu Uhinak 2022en
2022/11/16
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak klima-ekintzaren arloan Euskadin egindako jardueren aurrerapenak eramango ditu Uhinak 2022ra: Klima-aldaketari eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko batzarra, azaroaren 16 eta 17an Ficoba erakustazokan egingo dena (Irun, Gipuzkoa). Bi jardunaldietan, Urban Klima 2050ek stand propioa izango du, bertan aurkezteko 2019 eta 2021 bitartean hiru jarduera-eremutan garatutako ekintzak: hirigunea eta hiriaren ingurumaria, ibaien arroak eta kostaldea.
Bere lanaren hirugarren urtean, LIFE IP Urban Klima 2050ek –Euskadiko klima-ekintzaren proiektu nagusia datozen urteetarako- erakutsi du, bere emaitzekin, aurrera egiten duela euskal lurraldearen erresilientzia klima-aldaketaren aurrean segurtatzeko helburuan.
Aurrerapen horien artean, ekintza estrategiko batzuk nabarmentzen dira, hala nola:
o Euskadiko plangintza energetiko-klimatikoaren berrazterketa, bidea eman duena erronkak identifikatzeko eta zenbait hobekuntza lortzeko; horiek guztiak bai Energia-trantsizioaren eta Klima-aldaketaren 2050erako Bide-orrian eta bai 2030erako Estrategiaren diseinuan txertatuko dira, biak garapen fasean baitaude gaur egun.
o Euskadiko klima-arriskuaren azterketa, zenbait aldagai etorkizunerako proiektatuz, hala nola hezetasuna, haizea eta erradiazioa, edo tenperatura eta prezipitazioak, lurzoruaren higaduraren azterketa bat egiteaz gain.
o Energia-trantsizioaren eta Klima-aldaketaren 2021-2024rako Planaren onarpena. KLIMA 2050 Estrategiaren ebaluaziotik abiatuta, Euskadiko Energia-trantsizioari eta Klima-aldaketari buruzko etorkizuneko Legearen ataria da, eta baita Energia-trantsizioaren eta Klima-aldaketaren 2050erako Bide-orriarena ere.
Gainera, plangintzarako gidalerroak ezartzera zuzendutako ekintzen barruan, gai hauetan lan egin da:
o Klima-aldaketa integratzea lurralde- eta hiri-plangintzan, osasunari buruzko politiketan eta politika hidrologikoetan.
o Klima-aldaketarako egokitzapena aldagai gisa txertatzea Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde-plan Sektoriala egiteko prozesuan.
o Larrialdietako udal planak ebaluatzea, klima-aldaketara egokituta ote dauden aztertzeko.
Gainera, garai honetan, Urban Klima 2050 alor praktikora jaitsi da proiektu pilotuak abiatuz. Hiriguneen eta hiri-ingurumariaren eskalako aurrerapenen artean, honako hauek daude:
o Proiektu pilotuak hiru euskal hiriburuetan, irtenbide naturalei eta haien onura konpartituei lotuta.
o Azpiegitura berdea, funtsezko elementu gisa hirigunearen eta landa-eremuaren arteko konexioa eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko, proiektu pilotu batzuekin:
- Tonpoiko kostaldearen ingurunea lehengoratzea (Bermeo)
- Nekazaritza ekologikoa Aramangeluko parkean sustatzea (Gasteiz).
- Jundizko industrialdearen ingurunearen ingurumen-lehengoratzea (Gasteiz).
- Sailkapen agrologikoko mapa bat egitea Gasteizen inguruko eraztunean.
- Oberan Mendia bertoko espezieekin lehengoratzea (Donostia).
- Artikutzako presaren naturalizazioa (Donostia).
- Debabarrena (Gipuzkoa) eskualdeko 21 enklabe identifikatzea, haien ingurumen-lehengoratzerako.
Atal honetan, gainera, mugikortasun jasangarri eta osasuntsuaren arloko ekintzak abiatu dira udalerri batzuetan, edo energia berriztagarriak ezartzera zuzendutakoak.
Klima-aldaketara ibaien arroetan egokitzeko neurriei dagokienez, ibai-arroetan esku hartzeko proiektu pilotu batzuk gauzatu dira. Aurrera egin da Estepona ibaiaren arroaren ondoan ur-goraldietarako eremuak sortzea, Bakio zeharkatzen duen tokian; edo Añorgako Errekatxulo errekaren birnaturalizazioa (Donostia), eta ekimen berdina Ebro ibaiaren ertzetan, Bastidatik pasatzen den ingurunean (Araba). Orobat, ur hornidurari lotutako egokitze-neurriak abiatu dira Baia ibaiaren arroan.
Beste alde batetik, klima-aldaketara kostaldean egokitzeko neurriei dagokienez, iragarpen eta alerta goiztiarrerako tresnak garatu dira, klima-aldaketaren ondorioak kostaldeko eremu batzuetan aztertzeko eta minimizatzeko, hala nola Zarautzen edo Donostian, eta klima-aldaketak Euskadiko 28 hondartzatan duen inpaktua aztertzen duen azterlan bat egin da. Orobat, portuen egokitzapenera zuzendutako ekintzak abiatu dira, hala nola Ondarroako portuaren oraingo egoeraren azterketa, edo Euskadiko 15 portuetako hiri-inguruneen uholdeen aurkako babesaren ebaluazioa.
Herritarren ahalduntzea Urban Klima 2050en beste helburuetako bat da. Horretarako, herritarrak jardutera mobilizatzen dituzten ekintza eta tresna batzuk abiatu dira. Halaber, klima-aldaketa Administrazio Publikoaren eguneroko funtzionamenduan integratzearen alde lan egiten da, prestakuntza-ekintza batzuk alor horretan garatzearen bidez.
Azkenik, klima-gobernantzarako egituren sorreran lan egin da, hala nola ‘Klima-aldaketaren huba’, energia- eta klima-politikak biztanleria-eremu handietan eragina duten eskualde-politiketan integratzeari buruzko azterketa, edo klima-ekintzarako gobernantza eredu berrien diseinua.
2022KO AURRERAPENEI BURUZKO TXOSTENA – LIFE IP URBAN KLIMA 2050