URA agentziak Donostiako Belartza auzotik igarotzen den Errekatxulo errekaren zati hormigoitua leheneratu du

2023/12/18

Erreka Donostiako Udalarekin batera birnaturalizatzen hasi zen LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan, eta orain lan horiek orduan egindakoak osatzen dituzte.

URAk (Uraren Euskal Agentzia) Errekatxulo errekak Belartza kaleko bidegurutzetik Amasorrain kaleko bidegurutzeraino egiten duen ibilgu-zatia lehengoratu du, Donostiako Belartza auzoan. Horretarako, ibilgu naturalizatu berria sortu dute, eta bere garaian atal hori bideratzeko erabili zen hormigoi armatuzko egitura ordezkatu dute.

Zehazki, ibaiertzekin eta haren habitatarekin lotu da ibilgua; zimurtasun handiagoko ohantzea prestatu da; eta irtengune naturalak sortzea erraztu da. 150 metroko luzera duen tarte horretan, 1,30 metroko oinarria eta bi metroko altuerako alboko hormak zituen hormigoi armatuzko U formako ubide mailakatu bat zegoen.

Ubide berria egokitu ondoren, hormigoizko egitura zaharra partzialki eraitsi dute. Datozen asteetan, ezpondak bioingeniaritzako tekniken bidez egonkortuko dira, eta ibaiertzak haltzadi kantauriarreko berezko espezieekin (haltza, lizarra, hurritza, elorria, astigar arrunta, sahats beltza, marmaratila) eta belarkiekin landareztatuko dira.

Lan horiek egiteko 5 hilabete eta 160.000 euroko inbertsioa (BEZ barne) behar izan dira, eta horretarako Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF 2021-2027) erabili dira.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak erreka birnaturalizatzen lagundu du

URA erakundeak Belartzan egindako lanek 2023aren hasieran LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barne Euskal Agentziak berak Donostiako Udalarekin batera errekastoa birnaturalizatzeko egindako lanak osatzen dituzte.

Martxoan bukatu zen lehen fase horretan, iparraldeko haranan egin zen lan. Bertan, hormigoizko egituraren ordez material naturalak jarri ziren, errekaren potentzial ekologikoa berrezartzeko eta ingurunearen, landarediaren eta faunaren dinamikak berak orduko baino kalitate handiagoko ibai-ekosistema sortzeko.

Errekaren hurrengo atalean egiten ari den bigarren fasea irailean hasi zen.