Uhinak 2022k 150 aditu eta batzarkide bilduko ditu itsasertzeko klima-larrialdiaz eztabaidatzeko eta irtenbideak aurreratzeko

2022/11/09

Urban Klima 2050 proiektuak bere aurrerapenak aurkeztuko ditu, stand propio batez, azaroaren 16 eta 17an Ficoban (Irun) egingo den klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko batzarraren bosgarren edizioan.

Uhinak 2022 klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko batzarraren bosgarren edizioak 150 aditu eta batzarkide bilduko ditu azaroaren 16 eta 17an, 40 hitzaldi eta komunikaziotan baino gehiagotan honako gai hauek jorratzeko: klima-aldaketa, 2050. urtea horizontetzat hartuta; muturreko gertaerak eta egokitze-neurriak; klima-aldaketa arintzea eta biodibertsitatea lehengoratzea; gobernantza, kudeaketa-tresnak eta komunikazioa.

Irungo Ficoba erakustazokan izango da; bertan, batzarraren bi egunetan, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak stand propio bat izango du, klima-aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko neurrietan egindako aurrerapenez informatzeko. Ekintza horien artean, aipatzekoa da bideo-kameren irudiak trukatzeko eta automatikoki aztertzeko sistema baten ezarpena, olatuen gainezkatzeak itsas portuetan eta hondartzetan kalkulatzeko eta arriskuen zaintza eta prebentziorako sisteman integratzeko; edo Ondarroako portuaren oraingo egoeraren azterketa eta beraren babes-dikea indartzeko proiektu baten erredakzioa, beste batzuen artean.

Uhinak 2022

2015ean bezala -urte horretan egin zen batzarraren lehenengo edizioa-, Uhinak-en helburua izan da klima-aldaketa atzera eramateko edo arintzeko ahalmena duten sektore eta interes-taldeak eztabaida-foro baten inguruan biltzea.

Horregatik, beste edizio batez, etorkizunean datozkigun aldaketak aztertu beharko dituzten ordezkari politikoak, itsasertzeko komunitate eta udalerrietako teknikariak, gai horretan aginpidea duten administrazioak, teknologia- eta ikerketa zentroetako adituak, kazetariak eta enpresak bi egun trinkotan bilduko dira Ficoban, formatu presentzialean, indarrak batzeko, taldeka lan egiteko eta jadanik mehatxu larritzat hartzen dugun klima-aldaketa hau gelditzera zuzendutako erabakiak hartzeko bidean aurrera egiteko.

Batzarraren helburu estrategikoak lau dira:

Gai-blokeak eta hitzaldiak

Batzarraren bi egunetako egitaraua oso betea da, zeren 40 hitzaldi eta komunikazio baino gehiago baititu gai hauek ikuspuntu askotatik jorratzen saiatzeko: gure itsasertzaren oraingo egoera, datozen urteetan izan dezakeen bilakaera, muturreko fenomenoen hazkundea eta klima-larrialdiaren agertoki horri gure kostaldean aurre egiteko baliabideak.

Horretarako, Uhinak-en bosgarren edizio honen edukia lau gai-blokeren inguruan egituratu da:

Bloke guztietan nazioarteko eta nazio barneko izen handiko pertsonek parte hartuko dute, batzarraren webgunean jadanik kontsulta daitekeen bezala (www.uhinak.com).

Uhinak-i buruz

Uhinak Klima-aldaketari eta Itsasertzari buruzko Mugaz gaindiko Batzar bat da, Ficobak eta AZTI teknologia-zentroak sustatua, askotariko erakunderen laguntzarekin, hala nola Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, bere sozietate publiko Ihoberen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundia (Ingurumen Departamentua), Communauté d’agglomération Pays Basque eta Nouvelle Aquitanie eskualdea.