Udalsarea 2030ek hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak toki-erakundeentzat dituen ondorioak landu ditu

2023/06/16

EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen ekitaldi-aretoan egin den Udalsarea 2030en 63. Batzorde Teknikoak, sarearen azken hiruhilekoko jarduera errepasatu eta hurrengo lan-ildoak aurkeztu ditu.

María Mar Zabala Mardaras Eudeleko zuzendari nagusiak ongietorria eman die parte-hartzaileei, eta balioa eman dio Udalsarea 2030ek egiten duen sare-lanari. “Sareak ideien trukea, jardunbide egokiak eta ezagutza dira. Gureak bezala udalerri txikiak dituen herrialde batean, sareak oso garrantzitsuak dira”, azpimarratu du.

Bileran, kide diren 59 erakundetako 70 pertsonak parte hartu dute. Sareko idazkaritza teknikoak, Agate Goyarrolaren (Ihobe) bidez, Lurzoruaren Babeserako, Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdeko (EKPB), Ekintza Klimatikoko eta Emisio Txikiko Eremuetako (ETE) lantaldeen jarduerari eta garapen jasangarriko politika publikoak ebaluatzeko eta horien jarraipena egiteko hamaikagarren programaren itxierari buruzko informazioa eman du.

Hamaikagarren programari dagokionez, azaldu denez, 29 erakundek hartu dute parte ebaluazio-prozesuan, 60 erakundek BEG emisioen adierazleen eta kalkuluen prozesuan, 23 erakundek EKPBren lantaldean, eta klimari eta energiari buruzko 7 plan ebaluatu dira.

Azkenik, jakitera eman da laster bisore bat sartuko dela Udalsarea 2030en webgunean. Bertan, toki-erakundeen jardueraren oinarrizko adierazleei buruzko informazioa emango da (kideak, Agenda 2030 Plana, Klima eta Energia Plana edo Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programarekin bat egitea).

Virginia Andrés Aranberri HAZIko Lurralde Garapen Arloko arduradunak, HAZIk, Udalsarea 2030eko kide gisa, dituen lan-ildoak aurkeztu ditu. Bere hitzaldian, duela gutxi onartutako Landa Garapenaren Legea aipatu du: “Helburua landa-eremua babestea da, jarduera ekonomikoa sustatzea eta dibertsifikatzea, bai eta euskal landa-biztanleriaren ongizate-maila hobetzea eta despopulazioari eta landa-ingurunearen zahartzeari buelta ematea ere, Euskadiren gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko faktore gisa”. Bat egiten duten lan-ildoak ingurune eta espazio babestuei buruzko irizpideak harmonizatzean eta bateratzean oinarritzen dira batez ere. Ildo horretan, funtsezkoa izango da biztanle gutxiko baina azalera handiko udalerrien parte-hartzea eta landa-garapeneko eragileekiko lankidetza.

Malake Muñozek (Ihobe) eta Álvaro Pérez Labordak (EEE) klimari eta energiari dagokienez Euskadin tokiko ekintza dinamizatzeko estrategia azaldu dute.

Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Lege Proiektuan (TEKA) jasotzen denez, EAEko toki-erakunde guztiek integratu beharko dituzte trantsizio energetikoarekin, arintzearekin eta klima-aldaketara egokitzearekin erlazionatutako jarduketak. 5.000 biztanletik gorako udalerriek klima- eta energia-planak onartu beharko dituzte, eta plan horiek 4/2019 Legea jaso beharko dute.

Batzorde teknikoan 251 udalerrien egoerari buruz aurkeztutako diagnostikoan jasotzen denez, % 70ean premiazkoa da esku hartzea, klima-aldaketaren ondoriozko inpaktuen aurrean arrisku eta kalteberatasun maila handiengatik edo isurtzen duten berotegi-efektuko gasen kopuruarengatik.

 

Estrategiak 5 helburu zehazten ditu 2023-2025 aldian Euskadin klimari eta energiari buruzko tokiko ekintza dinamizatzeko: Klimarako eta Energiarako Tokiko Plana (KETP) duten EAEko udalerrien kopurua handitzea; EAEko udalerriek klima-neutraltasunerantz eta lurraldearen erresilientziarantz aurrera egitea lortzea; ekintzak abian jartzea bultzatzea; klima-gobernantzarako eredu bat sustatzea; eta herritarren ahalduntzea indartzea.

Era berean, Batzorde Teknikoan, Lanbideren “Klimaren aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko gazte-enplegua toki-administrazioan” programaren bigarren deialdiaren xehetasunak azaldu dira. Programa Erreminta-gidaren barruan dago eta EEEk eta Ihobek sustatzen dute, Novia Salcedo Fundazioarekin lankidetzan.

EEEtik azaldu dutenez, “udalerri, mankomunitate, kuadrilla, tokiko garapen-agentzia, foru-aldundi eta EAEko toki-administrazioaren esku dauden erakundeei dago zuzenduta, eta administrazioko lehen esperientzia profesionaleko programa horrek klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko 30 teknikari kontratatzea erraztuko die”.

Programaren helburua tokiko administrazioei klima- eta energia-planak garatzen laguntzea da, haien beharrizan zehatzetara egokituta, beren jarduera-eremuetan ingurumen-jasangarritasuna hobetzeko, gazteen kontratazio finantzatuaren bidez. Bestalde, prestakuntza-programa horri esker, toki-administrazioan sartutako talentu gazteek energia-trantsizioari eta klima-aldaketari buruzko prestakuntza jasoko dute.

Batzordean 2023ko tokiko garapen jasangarrirako laguntzen aginduaren berri eman da. Dagoeneko izapidetzen ari dira eta datozen asteetan argitaratzea espero da. Aurreko urteko 7 ildoekin jarraituko dela aurreratu da: lurzoru kutsatuak, klima-aldaketa, natura-ondarea, ekonomia zirkularra, tokiko ekoberrikuntza, jasangarritasunerako hezkuntza eta Asteklima.

Batzorde Teknikoaren bigarren partean, etenaldiaren ondoren, ekonomia zirkularrean hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak toki erakundeentzat dituen ondorioei buruzko mintegia egin da. José Antonio Armoleak (Ihobe) eta Ana Rebatek (Ihobe) argitu dituzte bertaratutakoen zalantzak.

Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen helburua da hondakinen sorrera eta sorrera horrek eta bere kudeaketak eragindako ondorio kaltegarriak prebenitzea eta murriztea, baliabideen erabileraren inpaktu globala murriztea eta erabilera horren eraginkortasuna hobetzea, azken batean, ingurumena eta giza osasuna babesteko eta ekonomia zirkularrerako trantsizioa egiteko, barne-merkatuaren funtzionamendu eraginkorra eta epe luzerako lehiakortasuna bermatzeko.

Araudiak hondakinak kudeatzeko tokiko eskumenei buruz ezartzen dituen betebeharren artean hauek aipatu dira, besteak beste: 5.000 biztanletik gorako herrietarako kudeaketa-programak egiteko beharra; kontratazio berdeko irizpideak sartzea; hondakinak biltzeko eta tratatzeko enpresekin egindako kontratuetan prestakuntza- eta sentsibilizazio-betebeharrak sartzea; ekoizleak kudeaketa-betebeharrak betetzen ez baditu hondakin komertzial ez-arriskutsuen kudeaketa era subsidiarioan beren gain hartzea; bio-hondakinak jatorrian bereiztea eta birziklatzea, etxeko eta komunitateko konpostajearen bidez; aldizkako karakterizazioen bidez kontrol-mekanismoak ezartzea eta bilketa bereiziaren fluxu bakoitzeko desegokiak murriztea; urtero, toki eskumeneko hondakinen kudeaketari buruzko txostena bidaltzea autonomia-erkidegoari; eta udal-hondakinen bilketa eta kudeaketa finantzatzeko tasa ezartzea.

Saioa galderen txandarekin amaitu da, eta horrek interes handia piztu du, araudian jasotako zenbait gai interpretatzeko zailtasunak eta argitasunik eza direla eta; zehazki, amiantoaren gaia, 2023ko apirilerako udalerri bakoitzean amiantoaren inbentarioak edo erroldak egin betebeharrari dagokionez, eta 2028rako lursail publikoak amiantotik garbi uzteko plana, kalteberatasun-irizpideetan oinarrituta. Eusko Jaurlaritza, Ihoberen, Osasun Sailaren eta Enplegu Sailaren (Osalan) bitartez, errolda horiek egiteko erreferentzia gisa erabiliko den gida metodologikoa prestatzen ari da.