Txitxi-burruntziaren bi espezie aurkitu dituzte Gasteizko Basaldeko urmaelean
2023/07/05
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak egindako odonatuen laginketei esker, txitxi-burruntzi urdinxka arrunta eta uretako txitxi-burruntzi gorri-beltza identifikatu dira.
Gasteizko Basaldeko eremua LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan lehengoratzea jada eragin positiboa izaten ari da inguruko ekosisteman. Hala jasotzen dute Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) egindako odonatuen azken laginketek. Laginketetan, txitxi-burruntziaren bi espezie berri identifikatu dira zonan sortutako urmaelean: txitxi-burruntzi urdinxka arrunta eta uretako txitxi-burruntzi gorri-beltza.
Animalia horiek ohikoak dira hiriko beste laginketa-leku batzuetan, baina orain arte ez dira Basaldeko urmaelean aurkitu. Haien garrantzia bizi diren ingurune urtarraren kalitate-egoeraren bioadierazle gisa duten baliagarritasunean oinarritzen da. Gaur egun, fauna-talde mehatxatuenen artean daude, ur-masak idortzearen eta kutsatzearen ondorioz.
Arabako hiriburuan CEAk antolatzen dituen herritarren zientziako jardueren barruan egiten dira laginketak. Zehazki, Odonatuen Kontserbazio Programaren helburua da Gasteiz aldeko uretako ekosistemekin lotuta bizi diren sorgin-orratzen eta txitxi-burruntzien ekologiari, portaerari eta banaketa-eremuei buruzko ezagutza areagotzea.
Basaldeko eremua lehengoratzea da C.4.2 Hiri- eta landa-konexioa eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezko azpiegitura berdea ekintzan gauzatzen ari den proiektu pilotuetako bat.