Tecnunek, Urban Klima 2050en esparruan, klima-aldaketaren ondoreak ikusarazten dituzten argazkiak saritzen ditu
2022/02/25
Tecnunek, Urban Klima 2050en esparruan, bost argazki saritu ditu, klima-aldaketa Euskadin izaten ari den eragina agerian uzten dutenak. "Tecklima2050" Lehiaketaren helburua herritarrak sentsibilizatzea zen, batez ere gazteak, beren sare sozialetan irudiak partekatuz parte hartzera animatuz. Horrela azaldu du Cinta Lombak, Nafarroako Unibertsitateko Tecnun Ingeniaritza Eskolako irakasleak, Sariak emateko gaur goizean egin den ekitaldian. Cristina Lagé Turismo Iraunkorraren arloko zinegotziak Donostiako Udalaren saria eman du. Bere hitzaldian, turismoaren zeharkako funtzioa nabarmendu du: "turismoa ere industria bat da, eta maila guztietan iraunkorra izatea eskatzen du, hau da, gizarte-arloan, arlo ekonomikoan, zientzia-arloan eta ingurumen-arloan".
Azpimarratu behar da honako hauek izan direla lehiaketaren babesleak: Arbaso Hotela, La Perla San Sebastián, Nekatur, Ekomodo eta Kafea. “Babes horri esker, sarituek opariak eta bonuak jaso ahal izan dituzte, eta horrek parte-hartze handia izaten lagundu digu”, adierazi du Lombak.
“Jaso ditugun argazkirik gehienek muturreko gertaera larriek (euri-jasak eta bero-boladak, esaterako) eragindako ondoreak izan dituzte gai nagusitzat, baina gure inguruko faunarekiko eta florarekiko sentsibilitatea ere nabarmentzen da, bi alor horiek ondore horien eragina jasan baitute”, zehaztu du Tecnun eskolako irakasleak.
Nabarmentzekoa da lehiaketa Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan kokatzen dela, eta Tecnun eskola proiektu horretako bazkide dela beste 20 erakunderekin batera. «Gure lanaren barruan dago herritarren konpromisoa eta ahalduntzea sustatzea estilo horretako ekintzekin», adierazi du Josune Hernantes Tecnun eskolako irakasleak.
“Horrezaz gainera, Eskolatik zuzenean laguntzen ari gara, Urban Klima 2050eko kide diren beste erakunde batzuekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernantza klimatikoaren eredu berriak edo klima-aldaketaren aurkako borrokaren arloan zeharo garrantzizkoak diren azpiegituren kudeaketa ekarriko duten hainbat proiektutan”, esan du azkenik Lombarekin batera Eskolan proiektu hori zuzentzen duen Hernantes irakasleak.