Tecnun-eko ikasleek naturan oinarritutako konponbideak ebaluatu dituzte Donostian NbS-CoBAs tresnaren bidez

2026/5/13

Ekimenak prestakuntza, landa bisitak eta ebaluazioa batu ditu, Txomin Enea parkean eta Arteleku plazan egindako lanak ebaluatzeko. 

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak prestakuntza-jarduera bat sustatu du Tecnun Ingeniaritza Eskolako (Nafarroako Unibertsitatea) ikasleek Donostian ezarritako naturan oinarritutako konponbideen (NOK) onurak ebaluatzeko. 

Saioa otsailaren 24an egin zen, eta Sustainable Engineering adarreko bigarren mailako 34 ikaslek eta hiru irakaslek hartu zuten parte. Ekintzaren helburua ikasleek hirian ezarritako konponbideen ebaluazio praktikoa egitea izan zen, ingurumena eta alderdi soziala kontuan hartuta. Horretarako, proiektuan garatutako NbS-CoBAs tresna erabili zuten. 

Jardueraren lehen zatia teorikoa izan zen. Naturan oinarritutako konponbideen kontzeptua, horiek hirien erresilientzian duten eragina, eta ingurumenean, osasunean eta ongizatean dituzten onurak ere azaldu zituzten. Ondoren, ikasleak hiriko bi gunetara joan ziren ebaluazioa in situ egiteko. 

Ibai ondoko Txomin Enea parkea eta Arteleku plaza bisitatu zuten hain zuzen ere. Txomin Enean, Urumea ibaiaren ur-goraldien arriskua murrizteko uholde-lautada bat dago, eta Arteleku plazan, drainatzeko sistema jasangarriak (SUDs). Bi ekintza horiek Ihoberen Naturan oinarritutako konponbideak Euskadin: 20 arrakasta-kasu klima aldaketara egokitzeko NOK erabilita gidan agertzen dira arrakasta-kasu gisa. 

Bi kasuetan, ikasleek ingurunea aztertu zuten, eta NbS-CoBAs tresna digitalaren bidez hainbat adierazle ebaluatu zituzten, hala nola alderdi psikologikoaren hobekuntza, lotura soziala, bertakoa izatearen sentimendua edo segurtasuna. Tresna horren bidez, konponbide horiek ingurumenean eta gizartean dituzten onurak modu egituratuan ebaluatu daitezke. 

Saioa amaitzeko, ezagutzei buruzko proba bat egin zuten, eta euren iritziak eman zituzten. Emaitza nagusien artean, tresnaren harrera ona nabarmentzen da, NOKek pertsonen ongizatean duten eragina ulertzeko baliagarria dela uste dutelako. Gainera, tresna zabaltzeko hainbat bide proposatu zituzten, esaterako sare sozialetan sustatzea, prestakuntza-jardueretan erabiltzea edo hirietan egindako parte-hartze dinamiketan erabiltzea.