Tecnaliak Radio Euskadin azaldu zuen hirien diseinuak zer-nolako eragina duen pertsonen ongizatean

2024/02/28

Ingurumen eta Gizarte Psikologian doktore eta Hiri Konfortean espezialista Karmele Herranz-Pascualek ‘Ganbara de cerca’ programan zehaztu zituen Urban Klima 2050 proiektuko azterlanaren ondorio batzuk, onura psikosozialak naturan oinarritutako irtenbideak inplementatzearekin lotzen dituztenak.

Zer-nolako eragina du hirien diseinuak pertsonen ongizatean? Horixe da joan den otsailaren 20an (osteguna) Radio Euskadiren Ganbara de cerca programan planteatu zuten galdera. Galderari erantzuteko izan zuten Karmele Herranz-Pascual, Tecnaliako Ingurumen eta Gizarte Psikologian doktorea, Hiri Konfortean espezialista eta Urban Klima 2050 programaren esparruan naturan oinarritutako irtenbideak eta halakoen elkarrekiko onurak udal mailan aplikatzeari buruzko azterlan batean lan egiten duten ikertzaileetako bat.

Ikertzaileak azaldu zuen hiri-diseinu berdeago batek onura psikosozial ugari dituela, interakzio eta kohesio soziala ahalbidetzen duelako. Adierazi zuenez, “bizi garen lekuarekin identifikatzeko aukera ematen digu, leku hori partekatzen dugun pertsonekiko identitatea ahalbidetzen du eta ongizatea eta konforta hobetzen laguntzen du”.

Ildo horretan, Herranz-Pascualek defendatu zuen hiri-espazio publikoak funtzio soziala eta kulturala betetzen duela, eta elementu natural gehiago dituen hiri batek “jarduera fisiko bat egiteko aukera ematen digula, eta, hortaz, herritarren osasun fisiologikoa hobetzen laguntzen duela”.

Bestalde, espezialistak klima-aldaketak hirietan dituen efektuak izan zituen hizpide, tenperaturen igoera orokorrean islatzen direnak. Arazo horren aurrean, itzaldura “ez-artifiziala” bermatuko duen eta biodibertsitate handiagoa sortzen lagunduko duen hiri-diseinuaren alde agertu zen. Adierazi zuen, gainera, espazio naturalek leheneratzeko funtzioa dutela, eta horri esker estresa murriztea eta funtzio kognitiboak berreskuratzea lor daitekeela. “Gure hiriak artifizializatu beharrean, berriz naturalizatu behar ditugu”, aipatu zuen ondorio modura.