Tecnaliak, naturalizatutako hiri-eremuek sortzen dituzten onura psikosozialen ebaluazioari buruzko artikulu bat argitaratu du LAND nazioarteko aldizkarian

2025/1/31

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren baitan Donostiako zortzi hiri-gunetan egindako ikerketaren emaitzak erakusten ditu artikuluak.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan sortutako ezagutzak ikerketa zientifikoa hornitzen jarraitzen du. Proiektuko kidea den Tecnalia erakundeak artikulu bat argitaratu du nazioarteko LAND aldizkarian, naturan oinarritutako konponbideek (NbS) hiri-ekosistemetan dituzten onura psikosozialei buruz 2022an egindako azterketan oinarrituta.

"Naturan oinarritutako konponbideek hiri-ekosistemetan dituzten onura psikosozialak ebaluatzeko tresna: Ingurune errealetako bigarren baliozkotzea" izena du artikuluak, eta bertan, NbS-ek hiri-inguruneetako giza ongizatean eta lotura sozialean duten eragina neurtzeko tresna baliozkotzeko bigarren fasearen emaitzak aurkeztu dira.

NbS-ak ebaluatzeko beste urrats bat

Artikuluan azaltzen denez, naturan oinarritutako konponbideak funtsezkoak bihurtu dira hiriak berriztatzeko, klima-aldaketarekiko egokitzapena eta hirien erresilientzia hobetzen dituztelako. Hala ere, orain arte, ez zeuden ebaluazio-metodo egokirik konponbide horiei lotutako onura psikosozialak neurtzeko, hala nola ongizate psikologikoa, lotura soziala edo leku batekoa izatearen sentimena.

Tecnalia buru duen azterlanak kontu horri aurre egin dio bi dimentsio nagusi ebaluatzen dituen tresna baten bidez: jendeak nabaritzen dituen osasuna eta ongizatea, batetik, eta onura psikosozialak bestetik, hala nola harreman sozialak eta espazio publikoetan sentitzen den segurtasuna. Metodologia hori naturalizazio- eta irekiera-maila ezberdinak dituzten Donostia hiriko zortzi guneetan aplikatu zen. 

Azterketaren emaitza nabarmenak

Ikerketaren emaitzek erakusten dute naturalizazio-maila handien duten lekuek, landare gehiago dutenek, zuhaitzak eta ur-eremuak dituztenek, hain naturalizatuta ez dauden espazioek baino onura psikosozial askoz handiagoak dakartzatela. Ingurune horietan, erabiltzaileak hobeto sentitzen dira, lasaiago, eta eguneroko estresatik ihes egin ahal dute.

Gainera, erabiltzaileentzako alderdirik garrantzitsuena leku irekiak eta irisgarriak edukitzea da, pertsonen arteko harremanak errazten dituztelako, horrela haien lotura soziala hobetuz. Segurtasun handiagoa ere nabari dute paisai hobea eta diseinu naturalagoa duten lekuetan. Aurkikuntza horiek hiri-plangintzan naturalizazioa kontuan hartzearen garrantzia azpimarratzen dute, onura sozial eta psikologiko handiagoak lortzeko.

Garapen Jasangarrirako Helburuei egindako ekarpena

Lan horrek NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) duen lotura ere nabarmentzen du artikuluak, bereziki GJH 3rekin (osasuna eta ongizatea), GJH 10ekin (ezberdintasunak murriztea) eta GJH 11rekin (hiri eta komunitate jasangarriak). NbS-ek beraz, ingurumen-jasangarritasunerako ez ezik, ingurumen-justiziarako eta hirietan bizi diren pertsonen osasunerako eta ongizaterako garrantzi handia dute.