Tecnaliak klima-aldaketak Zarauzko eta Bilboko energia sisteman dituen eraginak aztertu ditu
2024/06/14
Tecnaliak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan egin du azterketa, Tecnunen laguntzarekin, zehazki, C3.2 ekintza barruan: Klima-aldaketa energia-politiketan integratzea. Azterketaren helburu nagusia, batetik, energia elektrikoa banatzeko sareak klima-aldaketarekin lotutako muturreko gertaeretan duen kalteberatasuna ebaluatzea da, eta, bestetik, gertaera horien ondorioz zerbitzu elektrikoan gerta daitezkeen gorabeheren aurrean hiri-azpiegiturek duten erresilientzia ebaluatzea. Lortutako ezagutza autonomia-erkidegoko energia-politiketan sartu nahi da.
Azterketarako proiektu pilotu bi egin dira bi udaletan: Zarautz eta Bilbo. Proba pilotu horien bidez, klima-aldaketak energia elektrikoa banatzeko sareetan izan ditzakeen eraginak aztertu dira. Horrela, azpiegitura horietarako arriskuak ebaluatu ahal izan dira, eta baita zerbitzu elektrikoko akatsek udalerrietako funtsezko beste zerbitzu eta azpiegituretan eta herritarrengan izan ditzaketen eraginak ere.
Azterketaren hasieran, bi udalerrietako azpiegitura elektrikoa eta hiri-azpiegiturak aztertu eta haien ezaugarriak zehaztu ziren, eta arrisku sistemikoen ereduak egin ziren. Arriskuak ebaluatu ondoren, hartu beharreko ekintzak elkarrekin diseinatu eta lehenetsi ziren, erresilientzia-plana egiteko.
Ikerketaren azken helburua emaitzak eta gomendioak energia-politika autonomikoetan sartzea da, klima-aldaketaren aurrean energia eredu eraginkorra, gogorragoa eta erresilienteagoa sustatuz. Hori funtsezkoa da egokitzapen eraginkor eta jasangarria lortzeko, muturreko egoeretan funtsezko azpiegituren babesa eta hornidura elektrikoaren jarraitutasuna bermatzeko.
Etorkizuneko gertaera klimatikoei aurre egiteko oinarria
Azterlanak banaketa-sare elektrikoaren ohiko funtzionamenduari eragin diezaioketen klima-mehatxuei buruz informazio baliotsua eskaintzen du, lehenetsitako eragin kateen arabera. Gainera, sare elektrikoa etorkizunean nola arituko den aztertzen du, klima-aldaketa eta horrek ekarriko dituen ziurgabetasuna eta arriskua ezagutuz. Garatutako metodologiari esker, egungo eta etorkizuneko baldintza klimatikoei aurre egiteko sarearen egungo diseinua nola egokitu aztertu ahal da.
Azterketa hori azpiegitura elektrikoan eta hiri-azpiegituran eta biztanlerian egongo diren ondorioak kontuan hartzen dituen ikuspuntu integralago bat garatzeko lehen urratsa da. Azpiegitura elektrikoa fidagarritasun maila handia lortzeko diseinatuta dago, eta horrek oinarri egokia eskaintzen du etorkizuneko gertaera klimatikoei aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, beste egokitzapen neurri batzuk gehitu dakizkioke, eragina arintzeko eta zerbitzuaren kalitatea optimizatzeko.