SOILUZIOAK 2023 ekimenak zeharkako ikuspegia duen programa bat eskainiko du, lurzorua globaletik tokikora babesteko
2023/09/27
Hainbat adituk, hala nola Alberto Santana Ezquerra historialari eta etnografoak, Ana Maria Alonso Zarza Espainiako Geologia eta Meatze Institutuko zuzendariak edo Maria Jose Sanz Basque Centre for Climate Changeko (BC3) zuzendari zientifikoak, lurzoruaren balio immateriala izango dute hizpide, bai eta baliabide horrek gizartearen erronkekin duen harremana edo larrialdi klimatikoari aurre egiteko duen garrantzia ere.
Gainera, nazioarteko hizlari batzuek, hala nola Natalia Rodriguez Eugenio (NBE), Dario Piselli (Ingurumenaren Europako Agentzia) edo Margot de Cleen (Soil Plus) hizlariek, balio tekniko handiko hitzaldiak eskainiko dituzte lurzoruaren babesak Garapen Jasangarriko Helburuei egiten dien ekarpenari, baliabide horrek giza osasunean duen inplikazioari edo lurzorua babesteko Europako Estrategian aurrera egiteko oinarrizko elementuei buruz.
Zeharkako ikuspegia duen SOILUZIOAK 2023 programak nazioarteko adituak eta hizlariak bilduko ditu bi jardunalditan, eta lurzoruaren babesaren erronkei buruz hausnartuko dute globaletik tokikora; horrez gain, lurzorua babesteko jardunbide egokiak partekatuko dituzte, bai eskualdekoak, bai Europakoak.
Urriaren 10ean eta 11n Bilboko Euskalduna jauregian egingo den Euskadiko Lurzorua Babesteko Kongresuko goizeko bilkuretan, inspirazio iturri izango diren hitzaldiak eta balio tekniko handiko ponentziak eskainiko dituzte, baliabide hori ikuspegi guztietatik babesteko dagoen beharra mahai gainean jartzeko.
Alberto Santana Ezkerra historialari eta etnografoa arduratuko da topaketa irekitzeaz, ‘Lurzoruaren balio immateriala. Atxikimendua, bere babesaren bermatzaile’ aurkezpenarekin. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko Natalia Rodriguez Eugeniok, berriz, lurzoruaren babesak Garapen Jasangarrirako Helburuei egiten dien ekarpena eta horrekin lotuta munduan dauden ekimenak izango ditu hizpide.
Bigarren jardunaldia ‘Lurzorua eta gizartearen erronkak’ hitzaldiarekin hasiko da, Ana Maria Alonso Zarza Espainiako Geologia eta Meatze Institutuko zuzendariaren eskutik. Jarraian, Margot de Cleen Azpiegitura eta Ur Kudeaketako Ministerioaren lurzoru eta ur politikaren aholkulari seniorrak (Rijkswaterstaat, Soil Plus) bestelako begirada, pentsamendu eta jarduera batzuk izatera animatuko ditu parte hartzaileak, lurzorua babesteko Europako Estrategiaren helburuetarantz aurrera egiteko asmoz.
Saioak Europako Ingurumen Agentziako Dario Piselliren hitzaldiarekin jarraituko du. Ingurumenean, giza osasunean eta ongizatean aditua da, eta planteatuko du ez dagoela giza osasunik lurzoruaren osasunik gabe. Bestalde, Maria Jose Sanz Basque Centre for Climate Changeko (BC3) zuzendari zientifikoak larrialdi klimatikoari aurre egiteko lurzoruak duen balioa izango du hizpide.
Programaren osagarri, eztabaidak egiteko eta arrakasta kasuak aurkezteko saio paraleloak egingo dira, baita bisitak tokian bertan ere, lotura komuna duten hainbat proiektu bertatik bertara ezagutzeko: lurzorua eta haren kudeaketa jasangarria.
Biltzarra Eusko Jaurlaritzak sustatu du, Ihobe Ingurumen kudeaketarako sozietate publikoaren eta Sprilur Euskadiko lurzoru industriala kudeatzeko sozietate publikoaren bitartez, eta izen ematea zabalik dago jada www.soiluzioak.eus webgunean.