RegionsAdapt 2024 txostenak Bermeoko Tonpoi naturgunean egindako lana nabarmendu du kostaldeak lehengoratzeko eredu gisa

2025/2/12

Txostenaren arabera, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuko ekintza hori “lorpen esanguratsua da klimara egokitutako leheneratzean, eta antzeko erronkei aurre egin behar dieten kostaldeko beste eskualdeentzat eredu izan behar da”. 

Regions4 nazioarteko sareak argitaratu duen RegionsAdapt Progress Report 2024 urteko txostenean, ‘Regions in Action’ atalean, Bermeoko Tonpoi eremuan LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu barne egin den lana agertu da. Goraipamen horrek nabarmendu du ekologia eta paisaiaren aldetik balio handia duen eremu batean kostaldea leheneratzeko egin den ahalegina, klimara egokitzeko irizpideak kontuan hartuz.

"Recovering Tonpoi Cliffs: A Model for Climate-Adapted Coastal Restoration in Bermeo” Tonpoiko itsaslabarrak berreskuratzea: Kostaldea lehengoratzeko eredua Bermeoko klimari egokituta izenburupean, artikuluak azpimarratzen du ekintza “oreka ekologikoa berrezartzeko eta tokiaren ingurumen-erronkei heltzeko plan baten emaitza dela, eta Tonpoiko proiektuak “antzeko erronkei aurre egiten dieten kostaldeko beste eskualde batzuentzako eredu” izan behar duela.

Artikuluan azaltzen denez, gune hori Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago eta Natura 2000 Sarearekin muga egiten du; tokia, eremu narriatu batetik abiatuta, klima-aldaketara egokitutako kostaldeko leheneratze-eredu bat jarraituz eraldatu da. Ekintza horri esker, itsaslabarretan bertako espezieak berreskuratu egin dira, mikrohabitatak sortuz biodibertsitatea hobetu da, eta oinezkoentzako bideak ezarriz klima-aldaketaren eraginen aurrean erresilientea den gune natural irisgarria sortu da tokiko biztanleentzako.

Testuak azpimarratu du ere, Urban Klima 2050 proiektuaren parte den ekintza horri esker, eremu hori behar ekologikoak eta sozialak orekatzen dituen hiri-inguruko azpiegitura berde bihurtu dela. Parkea material naturalak erabiliz eta modu jasangarrian diseinatu da, eta bertako 77 zuhaitz eta 1.500 zuhaixka baino gehiago landatu dira ere. Gainera, tokiko biodibertsitatea sustatzeko mikrohabitatak sortu dira.

Txostenak azpimarratzen duenez, proiektuan “edertasun naturala eta diseinu funtzionala batu dira, eta horrela, Tonpoiko itsaslabar berrituak Bermeoko bizilagunek naturarekin bat egiteko atea dira, Aritzatxu hondartzara daraman 3 kilometroko bidezidor baten bidez herrigunea eta kostaldea lotuz".

Naturan oinarritutako konponbideak: Klima-eresilientziarako eta jasangarritasunerako kontzeptu globala

Txostenak naturan oinarritutako konponbideei buruzko atal bat ere badu. Bertan, klima-aldaketara egokitzeko horrelako konponbideak erabili dituzten 20 arrakasta-kasu zehazten dituen Ihoberen argitalpena nabarmendu da: "Naturan oinarritutako konponbideak Euskadin. Klima-aldaketara egokitzeko NBS erabili dituzten 20 arrakasta-kasu".

Testuan nabarmentzen denez, “Euskal Herriak denbora asko darama naturan oinarritutako egokitzapenari lehentasuna ematen, hura eskualdeko plangintzan sartuz eta egokitzapena eraginkorki egiteko behar diren tresnak garatuz. Bere azken argitalpenean naturan oinarritutako egokitze proiektu arrakastatsuak aurkezten dira eta orientabide praktikoak ematen dira tokiko arduradunek naturan oinarritutako estrategiak diseinatu eta erabil ditzaten”.