Regions4Climate europar proiektua abian dago Euskadin, Plaiaundiko paduraren lehengoratzearekin, Txingudin
2023/05/04
- Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Adolfo Uriartek eta proiektuaren euskal bazkideek –AZTI, Ihobe, Tecnalia eta Zabala- esku-hartzearen eremua bisitatu zuten, garatu beharreko ekintzak definitzeko
- Euskadik Europako dozena bat eskualderekin batera lan egingo du klima-erresilientziaren arloko irtenbide berritzaileetan, Regions4Climate proiektuaren baitan
- Euskal proiektu pilotuaren eginkizuna da Txingudiko badian degradatutako eremuak lehengoratzea, kostaldearen erresilientzia klima-aldaketak eragindako gertaeren aurrean handitzeko.
- Halaber, Regions4Climate proiektuaren baitan Klima-aldaketara Egokitzeko Euskal Misioa ere hedatuko da, inplikatutako eragile guztien –batez ere herritarrak eta ETEak- parte-hartze eta adostasunarekin
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendari Adolfo Uriarte eta AZTI, Ihobe, Tecnalia eta Zabalako ordezkariek Plaiaundi eta Txingudi bisitatu zituzten, Regions4Climate europar proiektuaren eta EBren Klima-adaketara Egokitzeko Misioaren baitan; bertan, Euskadik Europako dozena bat eskualderekin batera lan egingo du, klima-erresilientziaren arloko irtenbide berritzaileetan. Euskal pilotuaren baitan, bi ekintza nagusi gauzatuko dira: Txingudiko badiako padura-eremu batzuk lehengoratzea eta Klima-aldaketara Egokitzeko Euskal Misioa hedatzea.
Lehenengo esku-hartzea Txingudiko estuarioetako ekosistemen konektibitatea lehengoratzeko eta hobetzeko Plan Gidarian aurreikusitako jardueren baitan sartzen da, zehazki, San Lorenzo urmaelaren inguruneari dagokion jardueran. Ingurune hori marearteko zona bat da, uhatez kontrolatua, eta jardueraren eginkizuna izango da beraren ingurumen-lehengoratze integrala egitea, ur gazikararen sarrera gaur egun erregulatzen duten uhate horiek ezabatuz eta nekazaritza-erabilerako lurrak kenduz.
Proiektuaren xede den eremuan, Txingudiko badian, esku-hartze bat egin zen orain dela 25 urte, natura gizarteari eta faunari hurbiltzeko. Orain, espero da jatorrizko paduraren lehengoratzeak beraren erresilientzia-ahalmena nabarmen hobetzea, klima-aldaketak laster izango dituen ondorioen aurrean, eskualdeko biodibertsitatean inpaktu positiboa izateaz batera. Guztira, 5,5, hektareako lursaila berreskuratuko da.
Esku-hartze eremua
Apirilares 21ean, ostirala, Regions4Climate proiektuko bazkideek –AZTI, Tecnalia, Zabala eta Ihobe-, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzarekin batera -honek obra gidatzen du-, esku-hartzearen eremua bisitatu zuten, ekimenaren helburua lortzeko gauzatu behar dituzten ekintzak definitzeko.
Lehengoratze-prozesua obraren aurretik, obrak dirauen bitartean eta beraren ostean neurtzeko xedez, puntako monitoretza-sistema bat abiatuko da, kamera finkoen bidez; horrek ahalbidetuko du estuarioko marea-dinamikaren bilakaera eta bertako uholde-arriskua aztertzea. Monitoretza-sistema horrek etorkizuneko esku-hartzeetara transferitzeko modukoa izan nahi du, bai euskal lurraldean eta bai Europako beste ingurune batzuetan.
Txingudiko toki-eragileak inplikatzeko prozesua aprobetxatuko da lurraldeko gainerako eremuetara estrapolatzeko eta Euskadik Regions4Climate proiektuaren baitan duen bigarren erronkari erantzuteko: Klima-aldaketara Egokitzeko Euskal Misioa hedatzea. Beraren asmoa da Euskadiko egokitzapenaren aroko plangintza Europako lehentasunekin lerrokatzea, batez ere finantziazioari dagokionez.
Horretarako, kontuan hartuko dira inplikatutako eragile guztien parte-hartzea eta adostasuna: administrazio publikoa, ehun zientifiko-teknologikoa, enpresa-sektorea eta –bereziki- euskal herritarrak eta ETEak.
Regions4Climate, komunitate erresilienteak eraikiz
EBko Klima-aldaketara Egokitzeko Misioak Europako Itun Berdea abiatzen laguntzen du, eta beraren baitan, 2023ko urtarrilean, Regions4Climate proiektua hasi zen. Proiektu horrek Europako 12 eskualde –horien artean Euskadi- inplikatzen ditu euren erresilientzia-planak eta egokitze-bide eraldatzaileak garatzeko eta probatzeko ekimenetan, mugaz gaindiko lankidetzak eta ezagutza-trukeak bultzatuta.
‘Komunitate erresilienteak sortuz’ lemapean, proiektu berri honen azken helburua klima-erresilientzia hobetzea da, euren egokitzapen eraldatzaileko plan eta bide propioak garatzeko eta probatzeko. Esparru horretan, datozen bost urteetan, Euskadik bere esperientziak konpartitu ahal izango ditu eta inplikatutako gainerako eskualdeek egindako ekintzetatik ikasi.
Euskadik Regions4Climate proiektuaren partzuergoan duen ordezkaritzaren buruak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Ihobe, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa dira, AZTI, Tecnalia Research and Innovation eta Zabala Innovation Consulting zentro teknologikoekin batera. Horiek Europako beste eskualde batzuei lagunduko diete, euren esperientzia zabalaz baliatuz, klima-arriskuen konplexutasuna hobeto ulertzeko eta erreferentziazko beste eskualde batzuetatik ikasitako lezioak aplikatzeko.
Frantziako euskal kostaldean gauzatuko diren ekintzen artean, uholde-arriskuaren jarraipena denbora errealean egiteko tresnen garapena dago. Horri begira, kostaldeko bideometria-sistemak instalatuko dira, eta olatuek egiturak gainditu ote dezaketen iragartzera zuzendutako zenbakizko ereduak garatuko dira, bi kokagunetan: hiri-eremu batean, Donibane Lohitzuneko badian; eta eremu natural batean, herri bereko Erromardie hondartzan. Halaber, babes aktiboak jarriko dira, kai-muturrez baliatuz, eta barrera naturalak indartuko dira, olatuen energia leuntzeko.
Finlandiako VTT Ikerketa Teknikoko Zentroak koordinatuta, Regions4Climate proiektuak 24.522.103,00 euroko diru-laguntza jaso du Europako Batzordearen aldetik, Europa Horizontea izeneko ikerketa- eta berrikuntza-programaren baitan. Programa horrek ‘Klima-erresilientziara zuzendutako eskala handiko demostratzaileak, mugaz gaindiko balioa sortzeko’ deritzan gaiari heltzen dio, 101093873 HORIZON-MISS-201-CLIMA-02-04 zenbakiko erabakiari jarraituz.